
18 Maiatza Fekoorrek desgaitasuna duten 123 pertsonari aurkitu die enplegua enpresa arruntean azken 16 hilabeteetan
Fekoorreko (Bizkaiko Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) Orientazio eta Lan Bitartekaritza Zerbitzuak 123 pertsona kontratatu ditu enplegu arruntean 2020tik aurtengo lehen lauhilekora bitartean, horietatik 84 emakumeak eta 39 gizonak.
Iaz laneratzea 88 pertsonakoa izan bazen ere, 2019an baino bost gutxiago, 2021eko lehen lauhilekoan enpleguak gora egin du eta 35 pertsonarentzako lana sortu da (21 emakume eta 14 gizon), 2020ko epe berean baino 18 gehiago.
Kontratazio gehienak aldi baterakoak eta emakumeei egindakoak dira ( % 60), eta honako sektore hauetan oinarritzen dira: garbiketa, manufaktura-industria, logistika eta garraioa, merkataritza, arreta soziosanitarioa, administrazioa eta zerbitzuak.
Fekoorrek 2.686 pertsona ditu izena emanda enplegua bilatzen edo hobetzen, horietatik 1.696 gizonak dira eta 989 emakumeak. 2020an 249 enpresarekin jarri zen harremanetan, eta aurtengo lehen lauhilekoan 75ekin.
Konfinamenduan zehar, zerbitzu horren esku-hartze gehienak telefono bidezkoak izan ziren, eta ekainaren 8tik aurrera aurrez aurrekoak, hitzordua eskatuta. Bere jarduera lan-orientazio pertsonalizatuan, enplegagarritasuna, motibazioa, eskaintzen kudeaketa eta enpresa laguntzaileekin harreman estuan dauden hautagaitzak bidaltzeko tresnak sustatzean oinarritu da.
Enpresa arrunteko enplegua
Fekoorrek urteak daramatza Bizkaian desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen enplegagarritasuna sustatzen enpresa arruntean, “Gizarteko gainerako pertsonen aukera berberak” izan ditzaten.
Ildo horretan, Administrazioak “desgaitasuna gutxien ordezkatuta dagoen sektore eta lanbideetan kontratatzeko laguntzen alde” egin beharko lukeela uste du, eta, horrez gain, hezkuntzan, prestakuntzan eta digitalizazioan eragin beharko lukeela.
Eusko Jaurlaritzak 60,6 milioi euro (iaz baino % 9 gehiago) bideratu ditu aurten zentro babestuetan laneratzeko, eta 700.000 euro (2020an adina) enpresa arruntean sartzeko. Fekoorren ustez, datu horiek agerian uzten dute “ez dela urrunetik ere laguntzen” dibertsitate funtzionala duten pertsonek lanpostu arruntak eskura ditzaten.
Fekoor, Maitane Bergara eta Silvia Fernández de las Herasen lan-orientazioko eta -bitartekaritzako teknikariek “positibotzat” jo dute zentro berezientzako diru-laguntzak handitzea, baina uste dute erakundeek “orain inoiz baino gehiago” egin beharko luketela enpresa arruntean hobaria duen kontratazioaren alde; izan ere, “Pertsona asko enplegu babestura itzuli dira lana galdu dutelako, ez baitzegoen hobaririk, urtebete baino gutxiago baitzen”.
Gizarteratzea
“Laguntzak ezinbestekoak dira, izan ere, desgaitasunen bat duten pertsonen langabezia-tasa biztanleria orokorrarena baino askoz handiagoa da, eta krisi honek arrakala are gehiago handitu du”, azaldu dute, eta enpresa arruntean sartzea “kolektibo horren benetako gizarteratzea” dela gaineratu dute.
Gainera, adierazi dutenez, laguntza bat jasotzeko enpresak gutxienez urtebeteko kontratuak egin behar dituenez, konpainia arrunt askok enplegu-zentro bereziak sortzea erabaki dute, diru-laguntza horiek jaso ahal izateko.
Desgaitasunari eta Espainiako lan-merkatuari buruzko Behatokiak (Odismet) emandako datuen arabera, zazpi urtez gora egin ondoren, 2020an lanpostuen % 30 jaitsi dira kolektibo horrentzat, hau da, 100.000 kontratu gutxiago.
Izan ere, eta ikerketa beraren arabera, desgaitasunen bat duten estatuko pertsonen % 53 langabezian dago, eta % 27k a kontura lan egiten du.