
01 Jul Fekoorreko Batzar Nagusiak bizimodu independentearen kultura zabalduko du datozen hiru urteetan Bizkaiko udalerrietan
Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailearen (Fekoor) Batzar Nagusiak, gure erakundeko erabaki-organo gorenak, 2021-2023 aldirako esparru estrategikoa onartu du. Juan Carlos Sola zuzendariak esan duenez, “Fekoorrek apustu garbia egin du desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonen bizimodu independentearen kultura gizartean zabaltzeko, Fekoor erreferentea baita bizimodu independentearen kulturan”.
Horretarako, Bizinde bizimodu independenterako zentroari esker, udalei gure lankidetza eskainiko diegu, “herritarrei, non, nola eta norekin bizi aukeratzeko eskubidea bermatuko dieten udal-planak egin ditzaten, mugikortasun unibertsaleko ingurune irisgarrian”.
Erakunde sozial horren beste helburuetako bat da Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuen Zorroa garatzen eta zabaltzen laguntzea, Elkartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Desgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Konfederazioaren bidez.
“Gure asmoa da –esan du Solak– zorroan diru-sarrerak bermatzeko eta pertsonen instituzionalizazioa saihesteko ordezko zerbitzuak sartzea, hala nola ingurunean laguntza-unitateak sortzea (begiraleak eta laguntzaile pertsonalak), behar duenak bizimodu independentea egiteko beharrezko tresnak izan ditzan, eguneko zentroetara edo egoitzetara jo behar izan gabe”.
Era berean, erakundeek laguntza-plan integral bat ezar dezaten lan egingo du Fekoorrek, besteak beste, ingurune komunitarioetan laguntza teknologikoak dituzten etxebizitzak diseinatzea eta etxeak eraldatzeko laguntza gehiago ematea, “erabat irisgarriak” izan daitezen.
Fekoorreko presidente berria
2021-2023 aldirako Esparru Estrategikoa onartzearekin batera, Batzar Nagusiak Federazioaren Presidentetza eman dio BIDARI Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Ermuako Elkarteari, eta Presidenteordetza ASEBIER Gaixotasun arraroak, Bizkarrezur zatibitua eta Hidrozefalia duten pertsonen Euskadiko Elkarteari.
Halaber, 2020ko balantze ekonomikoa eta jardueren memoria onartu dira, bai eta datorren ekitaldirako planifikatutako jardueren aurrekontua eta programa ere; besteak beste, urriaren 3an Bilboko Areatzan elkarte-festa egitea.
2020an, pandemiak egoera zaila sortu badu ere, Fekoorrek 1.465 pertsona artatu ditu aurrez aurre eta modu telematikoan, eta 88 pertsona laneratzea lortu du.