
16 Sep Inguruan dauden irisgarritasun-gorabeherak jakinarazteko eskatu du Fekoorrek
Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak (Fekoor) bat egin du Gutxitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioarekin (COCEMFE) eta haren Elkarte-mugimenduarekin, irailaren 16tik 22ra bitartean egingo den Mugikortasunaren Europako Astearen (MEA) ospakizunean. Federazio horrek, 20. urteurrenean, arreta jarri nahi izan du osasunean, fisikoan zein mentalean, “Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian” goiburua erabilita.
Fekoorrek eta COCEMFEk bat egin dute ‘AccesibilidApp’ tresna teknologikoaren bidez irisgarritasun-arloko gorabeheren bilketa sustatzeko, honako helburu honekin: “Gure herriak eta hiriak leku bizigarriagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezen herritarrentzat”, Silvia Martín Bizkaiko federazioko bozeramaileak adierazi duenez.
“Pertsona guztientzat garraioa, inguruneak eta zerbitzu soziosanitarioak irisgarriak badira, komunitateak inklusiboagoak, seguruagoak eta osasungarriagoak izango dira herritar guztientzat, desberdinkeriak murriztuko dira eta bizi-kalitate duina sustatuko da”, berretsi du.
Hori dela eta, Fekoorrek eta COCEMFEk gizarte osoaren partaidetza lortu nahi dute, Estatu osoan ‘AccesibilidApp’ aplikazioaren bidez gorabeherak biltzeko, eta,Bizkaian whatsappeko 691 289 314 salaketa-telefonoaren bidez eta Bizkaiko accesibilidad@fekoor.com posta elektronikoaren bidez, segurtasunik ezarekin, inguruneko irisgarritasunarekin eta baliabide soziosanitarioetarako sarbidearekin lotutako gaiak jakinarazteko, “ez baitago mugitzeko modu jasangarriagorik oinez mugitzea baino”.
‘AccesibilidApp’ COCEMFEk garatutako web aplikazioa da, Vodafone España Fundazioaren laguntzarekin. Aplikazioa Android eta iOS sistemetan dago eskuragarri, irekia eta doakoa da, eta Estatuko udal guztiek eta irisgarritasun unibertsalean aurrera egiten lagundu nahi duten erakundeek ere parte har dezakete.