Fekoorrek ibilbide irisgarria sortu du Lamiakon (Leioa), Ondarearen Europako Jardunaldien barruan

Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak (Fekoor) ibilbide irisgarria, erdizirkularra eta kronologikoa sortu du Leioako Lamiako auzoaren inguruan, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.

Ibilbidean zehar, sei geldialdi egingo dira, 5-10 minutukoak, inguru horretan izandako gertakari historikoak azaltzeko, erliebezko irudiekin eta zeinu-mintzairaren interpretearekin.

Beste gertaera historiko batzuen artean, Maximo Aguirre nor izan zen, Athleticek non jokatu zuen, aerodromoa non egon zen edo lamiak nortzuk ziren azalduko zaie parte-hartzaileei eta, industriaz eta aristokraziaren eta langile klasearen arteko elkarbizitzaz hitz egingo dute. “Ondare immateriala eta iragana ezagutaraztea da helburua, pertsona guztientzako ibilbide inklusibo baten bidez”.

Bisita gidatuak urriaren 9an izango dira, 11: 00etan euskaraz eta 17: 00etan gaztelaniaz. Eta urriaren 16an, 11: 00etan gaztelaniaz eta 17: 00etan euskaraz.

Aitor Esturo Fekoorreko Irisgarritasun arduradunak azaldu duenez, “Ibilbide honen helburua bisitariei Bizkaiko zati bateko ondare immateriala eta iragana ezagutaraztea da, % 100 ibilbide inklusiboaren bidez”.

Inklusiboa izan dadin, mugikortasun urriko pertsonak ibili ahal izateko ibilbide bat aukeratu du desgaitasun-kolektiboak. Gainera, pertsona gorrentzako zeinu-mintzairaren interpretea eta itsuentzako erliebezko irudiak egongo dira. Hizkuntza ere erraza izango da, adin eta ulermen-maila guztietako pertsonek parte hartu ahal izateko.