Artxandako irisgarritasuna urtea amaitu baino lehen hobetzeko konpromisoa hartu du Bilboko Udalak Fekoorrekin

Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Arloak urtea amaitu baino lehen, Artxandako Funikularraren, Trueba Ikastetxearen eta egoitza-ekipamenduen arteko ibilbideko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu du Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailearekin (Fekoor).

Fekoorreko ordezkari batzuk, tartean gurpil-aulkian dabilen pertsona bat, udaleko arduradun batekin bildu ziren irailaren 27an, funikularraren eta aipatutako ikastetxearen arteko ibilbidea ikuskatzeko.

Ibilbidean zehar, mugikortasun urriko pertsona batek funikularraren eta helmuga horien arteko ibilbidea egin ahal izan zezan irisgarritasunaren ikuspuntutik dauden gabeziak ikusi ahal izan zituen udalaren ordezkariak, besteak beste, beherapenik eza, estutasuna eta espaloietan dauden oztopoak (farolak eta trafiko-seinaleak), bai eta funtsezko lekuetan zebra-biderik ez izatea ere.

Lekua aztertu ondoren, Udalak konpromisoa hartu du Fekoorrekin, urtea amaitu baino lehen, honako lan hauek burutzeko: funikularraren bide berriaren eta Txakoli jatetxera sartzeko plataformaren arteko elkargunean beherapena egiteko; espaloiaren jaitsieratik trafiko-seinalea kentzeko; topeak jartzeko, ibilgailuak galtzadara igo ez daitezen;

biribilgunetik gertu oinezkoentzako pasabide bat sortzeko eta ikastetxeko zebra-bidearen zintarria egokitzeko. Horiek guztiak aldi baterako neurriak dira, Begiratoki Ibilbidearen proiektua behin betiko gauzatu arte.

Ibilbide segurua eta irisgarria

Aurten hasiko den Begiratoki Ibilbidearen obrari dagokionez, Udalak agindu du “ibilbide segurua eta irisgarria” izango dela, “etorkizuneko pasealekuan barrena, funikularraren gune estaliraino”.

Topagunearen Parkearen proiektuari dagokionez,  “ingurune osoan irisgarritasuna” bermatuko du, lehendik dauden bidezkena, zein hobetuko diren bidexkena, eta, gainera, 2022. urtearen hasieran diseinua “kontrastatuko” du, behin obra aurreratuta dagoenean.

Aitor Esturo Fekoorreko Irisgarritasun arduradunak erakundearen “esker ona” adierazi du Bilboko Udalak mugikortasun urriko pertsonekiko duen “jarrera onagatik eta sentsibilitateagatik”, eta etorkizunean ere “hiribildua irisgarritasunaren eta gizarteratzearen eredu” izan dadin laguntzeko prest agertu da.