
07 Dec Fekoorrek “Ez izan kono-buru” sentsibilizazio kanpainarekin ospatuko du abenduaren 3a
Fekoor, Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak, Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna ospatu du abenduaren 3an, eta “Ez izan kono-buru” lelopean sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du. Kanpaina horren bidez, “pedagogia soziala” egin nahi du, eta “ingurunea desgaitzaile bihurtzen duten” portaerak erakutsi nahi ditu.
Bilboko Azkuna Zentroan egin den ekitaldian, Juan Carlos Sola erakundeko zuzendariak azaldu duenez, “dibertsitate funtzionala duten pertsonek oztopo fisiko, sozial eta ekonomikoei egin behar diete aurre egunero, bai eta gizartean, bete-betean eta benetan, gainerako pertsonekin batera, parte hartzetik kanpo uzten gaituzten jarrerei ere”.
Bere ustez, “aldaketaren indarra ez dago mugimendu fisikoan, burua eta emozioak eraldatzeko ahalmenean baizik”. Ikuspuntu hori oinarritzat hartuta, kanpaina bat jarri dute martxan, “diskriminazioa estigmatizatzen eta instituzionalizatzen duten jarrerak aldatzeko”.
Adibide gisa, adierazi du, kalean kono batekin topo egiteak itzulinguru bat ematera behartzen badu, edozein pertsonentzako “unean uneko traba” baino ez dela izango; baina “mugikortasun urriko pertsonen bizitzan makrokono” bihurtzen dela gaineratu du.
“Gure kolektiboak egunero jasaten ditu mikrokonismoak deitu ditugunak: gure lekuan jartzen ez direnen eta beren kopetako zikinik ikusten ez dutenen jarrera desgaitzaileak, harik eta beren ingurunean jasaten duten arte”, salatu du Solak.
“Mikrokonismoen” adibideak
Horren harira, “mikrokonismoen” adibidetzat, honako hauek aipatu ditu: eraikin batean igogailu bat jartzearen aurka egotea; merkataritza-lokal baterako sarbidea hobetzeari uko egitea; aparkaleku erreserbatu bat okupatzea; plataforma jasotzaileak autobus batean funtzionatzeko dituen zailtasunak; seme-alabak edo mendetasuna duten seme-alabak zaintzea eragozten diguten araudi diskriminatzaileak; jendearen harridura kolektibo horrek seme-alabak eta harreman intimoak izan ditzakeelako; edo laguntza pertsonalaren mugak, laguntza ematen den lekuaz bestelako lurralde historiko batera joanez gero
Horregatik, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru-diputatua eta Bilboko eta Getxoko udal ordezkariak bertan zirela, dei egin die gizarte zibilari, enpresei eta administrazio publikoei “beren kono mentalak apur ditzaten eta pertsona guztiei aukerak eman diezazkieten, guztion artean gizarte inklusiboagoa, berdintasunezkoagoa eta irisgarriagoa, edo, besterik gabe, justuagoa, eraiki ahal izateko”.
Gurutze Beitia aktoreak aurkeztu duen ekitaldian, Bizimodu Independentea 2021 Fekoor Sariak eman zaizkie Iker Sastre eta Higinio Rivero mahai-teniseko eta piraguismoko diziplinetako kirolari paralinpiarrei. Biak Tokioko Jokoetan lehiatu ziren eta diploma olinpikoa lortu zuten.
Fekoorrek sari hori eman nahi izan die, biek “gizarte inklusiboago baten aldeko borroka” irudikatzen dutelako, eta agerian uzten dutelako “gurpildun aulkian mugitzea ez dela oztopo bat gure helburuak lortzeko, baizik eta hobetzeko, aurrera egiteko eta gure ilusioak egia bihurtzeko aukera bat”.