Gizarte-taldeek manifestazioa deitu dute abenduaren 10erako, Bilbon, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala bete dadila eskatzeko

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala betetzea eskatzeko manifestazioa eta ekitaldi publikoa deitu dute ostiral honetarako, abenduaren 10erako, Bilbon.

Manifestazioa 18:30ean abiatuko da Indautxu Plazatik eta 19:15ean amaituko da Errekalde auzoko Pergolan. Errekalden, ekitaldi publiko bat egingo dute, eta bertan  manifestu bat irakurri eta “La Basuren” eta Sutan taldearen musika-emanaldiak egingo dira.

Mobilizazioaren leloa “Indartuak ala ber-indartuak” izango da, eta horrekin salatu nahi dute, Adierazpena 1948an aldarrikatu zen arren, “bete gabe jarraitzen duela, eta gainera, larriki urratzen dela”.

Hitz-joko horren bidez, hirugarren sektoreak, ostiraleko ekitaldian, “agerian utzi nahi du, alde batetik, elkarteen indarra, eta, bestetik, eskubideen karta eraginkor bat eskatu nahi du, gizaki guztiek pertsona izateko bermea izango duten gizarte bat eraiki ahal izateko, beren bizitzei buruz askatasunez erabaki dezaten eta bizi-proiektuak gauzatzeko gai izan daitezen”.

Horren harira, pandemiak “sistemaren kontraesanak” argitara atera dituela ohartarazi dute, “pertsona ahulenak diskriminatuta eta baztertuta daudelako, eta pertsona horiei ez zaielako uzten gizarteko kide aktibo izaten, etorkizuna eraiki dezaten”.

Hori dela eta, “zaindu, babestu eta garatu behar ditugun gizarteko balio eta bertuteak adosteko garaia da; eta Giza Eskubideak erreferentzia dira lan hori aurrera eramateko”, gaineratu dute.

Aldarrikapen-ekitaldi hori alde batera utzita, erakundeek argazki-erakusketa ibiltari bat antolatu dute, ordezkatzen eta defendatzen dituzten kolektiboen eskubideak urratzen dituzten egoerak erakusteko.

Hauek dira deialdia egin duten taldeak: Alboan, Aletu, Amnistia Internazionala, Bizitegi, FEKOOR, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Eskaut Bizkaia Federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zubietxe.