Fekoorrek desgaitasuna duten 101 pertsonari aurkitu die lana enpresa arruntean 2021ean

Fekoorren (Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) Orientazio eta Lan Bitartekaritzako Zerbitzuari esker, 101 pertsonek kontratua lortu dute enplegu arruntean, 2021ean, aurreko urtean baino 13 pertsona gehiagok.

Maitane Bergara eta Silvia Fernández de las Heras Fekoorreko enplegu-teknikarien arabera, emaitza “oso positiboak” dira, “pandemia honetan bizi dugun aurrekaririk gabeko inpaktua kontuan hartuta” laneratzea % 14,77 igo baita aurreko urtearekin alderatuta. “Horrek agerian uzten du lan-merkatua pixkanaka suspertzen ari dela”.

Erakundearen enplegu-programan bi fase bizi izan dira 2021ean. Teknikarien esanetan, “lehenengoan, lan-eskaintzak zeuden arren, pertsonek beldurra zioten kutsatzeari eta osasun-egoera larriagotzeari, eta, beraz, ez zuten pandemian ezinbestekoak ziren eta gorabidean zeuden sektoreetako eskaintzarik onartu nahi. Eta bigarren fasean, txertaketaren ondoren, pixkanaka berreskuratzen joan dira galdutako lanpostuak, eta lan-aukera berriak sortu dira desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonentzat”.

Enpresa-ehunaren inplikazioa

Izan ere, lanari eta Bizkaiko enpresa-ehunaren inplikazioari esker 121 lan-eskaintza kudeatu dira, eta 101 kontratu gauzatu dira (59 kontratu egin zaizkie emakumeei eta 42 gizonei).

Gainera, nahiz eta orain enpleguak ez duen bizi-kalitate duina bermatzen bere partzialtasunagatik eta behin-behinekotasunagatik, Fekoorrek 13 kontratu mugagabe lortu ditu (8 kontratu mugagabe egin zaizkie emakumeei eta 5 gizonei).

Sektoreka, pandemiaren ondorioz, garbiketako eta arreta sozio-sanitarioko eskaintzek gora egin dute, baina beste kontratazio batzuk ere egin dira manufaktura-industrian, logistikan eta garraioan, merkataritzan, administrazioan eta zerbitzuetan.

Laneratzea lortzeko, Fekoor 176 enpresarekin jarri da harremanetan, eta 526 pertsonari eman zaie arreta, aurrez aurre, telefonoz eta online. Emandako arretari dagokionez, 96 pertsonak eman dute lehen aldiz alta, eta horietatik 16k gutxitasun handia dute (8 emakume eta 8 gizon).

Lan-poltsa

Gaur egun, Fekoorrek 2.727 pertsona ditu lan-poltsan, % 63,1 gizonak eta gainerako % 36,9 emakumeak.

2021ean, erakundeko enplegu-teknikariek areagotu egin dute orientazio- eta informazio-lan pertsonalizatuaren aldeko apustua, krisiak desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen kolektiboan dituen ondorioei aurre egiteko. Bereziki, honako alderdi hauetan jarri dute arreta: motibazioa, prestakuntza-ekintzetara bideratzea, baliabide doituenei buruzko informazioa, eta teknologia berriak erabiltzen laguntzea, eten digitala gainditzeko.