Elkarteanek Osakidetzako EPEaren oinarrien aurkako helegitea aurkeztu du desgaitasuna duten pertsonen eskubideentzat “kaltegarriak” direlako

Elkarteanek, EAEko Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak, lotura estatutario finkoa lortzeko Osakidetzako 2018-2019ko EPEaren oinarrien aurkako helegitea aurkeztu du, ordezkatzen duen kolektiboaren eskubideetarako “kaltegarritzat” jotzen dituelako.

Zehazki, Elkarteanek eskatzen du “desgaitasuna duen pertsona” terminoa erabil dadila, “desgaitua” edo “desgaitasunak eragindako pertsona” erabili ordez; izan ere, adiera horiek “iraingarriak eta lege-aginduen aurkakoak” dira.

Era berean, desgaitasuna duten hautagaiek lanpostua betetzeko gaitasuna egiaztatzeko egin behar duten osasun-azterketa bikoitza ezabatzeko eskatu du.

Elena García Elkarteaneko bozeramailaren ustez, osasun-azterketa bikoitz hori “diskriminatzailea da gainerako hautagaiekin alderatuta, are gehiago kontuan hartuta hautaketa-prozesuaren aurreko faseak gainditu eta gaitasun osoa egiaztatu duten pertsonak direla”.

Berdintasuna

Azaldu duenez, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren printzipioekin bat etorriz, lan-espedientea Gaitasuna Baloratzeko Batzordera bideratzea erabakiz gero, batzordearen esku-hartzeak “desgaitasuna duten pertsonek beren kategoriako edo lanpostu funtzionaleko eginkizunak berdintasunez bete ahal izateko hartu behar diren egokitzapenak, arrazoizko doikuntzak eta laguntzak bakarrik aztertu beharko lituzke”.

EAEko Elkarte Koordinatzaileak proposatu du, halaber, kolektibo horren aldeko ekintza positiboko neurriak hartzea lanpostuak esleitzeko, egoera jakin batzuk gerta daitezkeelako, hala nola “irisgarritasun-gabeziak eraikinetan eta garraio publikoan, lanpostuak egokitzeko oztopoak edo laguntza pertsonalak emateko baliabide nahikorik ez izatea”.

Garcíaren iritziz, gora jotzeko errekurtsoan planteatutako neurriak txertatzeak aukera emango du “Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako lan-ingurune ireki, irisgarri eta inklusibo batean lan egiteko eskubidearen bermean aurrera egiteko”.