
02 Mar Fekoorrek mentoretza-sare bat jarri du abian desgaitasun fisikoa duten pertsonei beren hazkunde pertsonal eta sozialean laguntzeko
Bizindek, Fekoorreko Bizimodu Independenterako Zentroak, mentoretza-proiektu bat jarri du abian, non desgaitasuna duten boluntarioek elkarri laguntzeko harreman bat ezarriko duten, hazkunde pertsonal eta sozialerako.
Proiektua mentoreak eta mentoretzapekoak erakarriz hasiko da. Guztiek prestakuntza-ikastaro bat jasoko dute, beste batzuei lagundu ahal izateko beren bizitza independentean aurrera egitea ahalbidetuko dieten tresnak eskuratzen.
Leire Indurain mentoreetako batek azaldu duenez, “gerora sortutako desgaitasuna denean, desgaitasuna duten pertsonek fase desberdinak igarotzen dituzte, lesio iraunkor bat izateak ekarri dien dolua gainditu arte. Gainditu ondoren, beren bizitzaren kontrola hartu nahi dute berriro, modu independentean garatu ahal izateko. Kasu horietan, Bizinderen mentoretza-sareak bideratu eta lagun ditzake, beren bizi-proiektuan aurrera egin dezaten”.
Mentoreek eta mentoretzapekoek bilera informal bat egingo dute astero, bi aldeek erabakiko duten lekuan, konfiantzazko harreman naturala sortzeko. Topaketek Fekoorren ikuskapen teknikoa izango dute.
Proiektu berritzailea da eta, horregatik, Fekoorrek Gizarte Mentoretzako Estatuko Kongresuan parte hartuko du maiatzean, Iruñean, esperientzia pilotu hori azaltzeko.
Mentorea edo mentoretzapekoa izateko, jarri harremanetan erakunde honekin bizinde@fekoor.com helbide elektronikoaren bidez, deitu 94.405.17.80 telefono-zenbakira, edo zatoz Bizinde, Bizimodu Independenterako Zentroaren egoitzara (Sancho Azpeitia kalea 2, Deustu, Bilbo).
Datorren martxoaren 9an, Bizindeko taldeak hitzaldi publiko bat emango du 18: 30etatik aurrera, Fekoorren egoitzan, Blas de Oteron, Deustuko 63 zenbakian, gizarte-mentoretzako sarearen proiektua azaltzeko eta zalantza guztiak argitzeko. Hitzaldia youtube bidez emango da eta bertaratu ezin duenak kanal honetan ikusi ahal izango du nahi duenean. Datozen egunetan emango dizuegu hitzaldirako estekaren berri.