
08 Mar Elkarteanek eskatzen du “kapazitismoa” ikusaraztea, desgaitasuna duten emakumeekiko “zapalkuntza eta diskriminazio ardatz” gisa
Elkarteanek, EAEko Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak, exijitzen du “kapazitismoa” ikusaraztea, desgaitasuna duten emakumeekiko “zapalkuntza, desberdinkeria eta diskriminazio ardatz” gisa.
Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, erakunde horretako bozeramaile Rosa Ugaldek azaldu du “pribilegioan eta gaitasun batzuei balio handiegia ematean oinarritutako diskriminazio ideologiko eta materiala” dela.
Zehaztu duenez, termino hori erabiltzeak “aurreiritziak eta estereotipoak sortzen ditu, eta horiek mugatu, eragotzi eta zaildu egiten dute gure eskubide guztiak egikaritzea eta komunitateko esparru guztietan aktiboki parte hartzea”.
Adibide gisa, adierazi duenez, desgaitasunik gabeko emakumeen jarduera-tasa desgaitasuna duten emakumeena halako bi da; desgaitasunik gabeko emakumeen % 20k goi-mailako ikasketak ditu; eta desgaitasuna duten emakumeen % 30 baino gehiago pobrezia- eta/edo bazterketa-arriskuan dago, “edozein motatako indarkeria pairatzeko arrisku handia du, eta diskriminazioak bizi ditu osasun-sistemako zerbitzu eta prestazioetan, batez ere irisgarritasun-faltaren ondorioz”.
Gainera, aurpegiratzen du “ez gaituztela behar afektibo eta sexualak dituzten emakumetzat hartzen, gure gorputzak ez datozelako bat ezarritako edertasun-kanonekin, eta ohiz kanpokotzat, akastuntzat eta nazkagarritzat hartzen direla”.
Amaitzeko, honako hau adierazi du: “Desberdinkeriaren eta diskriminazioaren ondorioz, oztopo ugari ditugu egunero; izan ere, definitzen gaituen ezaugarrietako batek, hau da, desgaitasunak, gaitasun gutxiagoko emakume gisa definitzen gaitu”.