
02 Maiatza FEKOOR-EK JARDUNBIDEAK TRUKATU DITU ITALIAN BESTE KOLEKTIBO BATZUEKIN, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI GARATZEN LAGUNTZEKO
Fekoor Erromara joan da, Europako beste kolektibo batzuekin jardunbideak trukatzeko, desgaitasuna duten pertsonei garatzen eta ahalduntzen laguntzeko, bizimodu independentea gauzatzeko dituzten eskubideak lor ditzaten.
Astelehen honetatik maiatzaren 5era arte, Bizkaiko erakundeak, Agricoltura Capodarco anfitrioi italiarrarekin eta Frantziako AEHM eta Lilleko Unibertsitatearekin batera, jarduerak eta tailerrak egingo ditu, desgaitasuna duten pertsonen gizarte-gaitasunak identifikatzeko tresna eraikitzen aurrera egiteko.
Topaketa hau joan den irailean Bilbon izandako CUP-E+ proiektu europarraren jarraipena da.
Ana Elorz proiektuaren Fekoorreko arduradunak adierazi duenez, “jardunbideak eta esperientziak trukatzea hausnarketa-iturri izango da parte hartzen duten kolektiboentzat, eta finkatutako helburu hauek lortzeko bitarteko bat: desgaitasuna duten pertsonen ahalduntzea hobetzea, gizartearen eta herritarren parte-hartzea handitzea eta zerbitzu publikoetan desgaitasunari buruzko kontzientzia areagotzea”.
Baztertzea
Proiektuan esku hartzen duten erakundeak errealitate batetik abiatzen dira; izan ere, “desgaitasuna duten pertsonak –lan egiteko ezgaitzat jotzen direnak– are baztertuago ikusten dira, lantokitik kanpo uzteak edozein eskumen-eremutatik kanpo uzten dituelako”.
Hala ere, haien esanetan, “ezaugarri, gaitasun, jakintza eta pertsona arteko trebetasunak dituzte, beste guztiek bezala, eta horiek garatu eta gizartearen zerbitzura jarri ahal izatea da aldarrikatzen dutena. Eta orduan bakarrik hitz egin ahal izango da berdintasunaz”, zehaztu dute.
Talde horien hirugarren topaketa ekainean izango da, Frantziako Soustons hirian, desgaitasuna duten pertsonei ahalduntzeko aukera emango dieten tresnak hobetzen jarraitzeko.