FEKOOR-EK (Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) kudeatzen duen Bizimodu Independenterako Zerbitzuak (SAVI) 36 pertsona artatu ditu 2021ean (25 emakume eta 11 gizon), aurreko urtean baino ehuneko 9 gehiago.
Programa honek aukera ematen du Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren asistentzia-orduak bizimodu independentea gauzatzeko laguntza pertsonaleko orduekin osatzeko.
Zehazki, SAVI programak desgaitasuna duten pertsonei laguntzen die eguneroko jarduerak egiten, beren bizimodua aukeratu ahal izateko, eskubideak gainerako pertsonekiko aukera-berdintasunean bete-betean baliatzeko eta komunitatean sartzeko, parte-hartze aktiboaren bidez eta isolamendua saihestuz.
Sonia Martínez Bizimodu Independenteko teknikariaren arabera, 2021a urte zaila izan da programaren onuradun guztientzat; izan ere, osasun-egoerak eragindako murrizketek eragina izan dute aisiaren eta parte-hartze komunitarioaren esparruko jardueren garapenean.
Hala eta guztiz ere, Fekoorrek 11 pertsonari eman die aholkua, eta horietako lauri Bizimodu Independenterako Banakako Plana egin zaie eta Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomiko bat eskatu dute.
Gainera, programak 38 pertsonari (26 emakume eta 12 gizon) 20.838 ordu esleitu dizkie, laguntza pertsonaleko orduak osatzeko. Pertsona horietatik bi zerbitzu puntualekin artatu dituzte.