
12 Maiatza Fekoorrek salatu du desgaitasuna duten 10 pertsonatik batek ezin duela argiaren faktura ordaindu
Maiatzaren 16ko Argiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak (Fekoor), COCEMFE Espainiako Konfederazioarekin eta haren elkarte-mugimenduarekin batera, #DiscapacidadConLuz kanpaina jarri du abian, kolektibo horrek ordaindu behar duen argindarraren faktura handia salatzeko, kolektibo horren pobrezia energetikoko egoera areagotzen baitu. Era berean, bizitza duina izateko neurriak ere eskatu ditu.
COCEMFEk bere gizarte-taldean egindako inkesta baten arabera, galdetegia bete zuten pertsonen % 79k aldatu egin behar izan ditu kontsumo elektrikoaren ohiturak, prezioa merkeagoa den orduetara egokitzeko. Baina aukera hori ez dago denen eskura.
Pertsona batzuek, bizi duten egoeragatik, elektrizitatea etengabe erabiltzera behartuta daude, eta beraz, desgaitasunik ez duten pertsonek ordaindu behar dituzten argiaren faktura handiak baino faktura askoz ere handiagoak ordaindu behar izaten dituzte. Adibidez, Juan Carvajal Valentina Pradaren senarrak duela lau urtetik oxigenoa behar du eguneko 24 orduetan, BGBK duelako. Horrek “gastu ikaragarria dakar, eta ez dago jasatetik”.
COCEMFEk eta Fekoorrek azaldu dutenez, desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonek etengabe kontsumitu behar dute elektrizitatea, tratamendua betetzeko edo bizimodu independenterako teknologiak eta baliabideak erabiltzeko: sistema domotikoak, jasotzeko edo lekualdatzeko garabiak, hemodialisi-gailuak, oxigeno-makinak, perfusio-ponpak, zain barneko tratamenduak, langarreztagailuak, klimatizagailuak edo gurpil-aulkiak kargatzeko.
Neurri iraunkorrak
Bi erakundeek salatu dutenez, argiaren fakturari aurre egiteko dauden laguntzek “ez dituzte kontuan hartzen desgaitasuna duten pertsonen egoera sanitario, sozial eta ekonomiko espezifikoak”, eta, beraz, neurri iraunkor eta integralak eskatzen dituzte, desgaitasuna duten pertsona ahulenek eta haien familiek bizitza duina edukitzeko aukera izan dezaten.
COCEMFEk egindako kontsultak agerian utzi du argiaren faktura eragin handia izaten ari dela desgaitasunaren gizarte-taldearen ekonomian; izan ere, kolektibo horretako pertsonen % 70ek adierazi duenez, faktura hori ordaintzeko gai den arren, diru-sarreren zati handiegia erabiltzen dute horretarako, eta hamar pertsonatik batek (% 11) adierazi du ezin duela faktura hori ordaindu, eta % 22k ezin izan du fakturaren bat ordaindu 2021ean, behar adina diru ez izateagatik.
Fekoorrek, COCEMFEk eta bere elkarte-mugimenduak botere publikoei gogorarazten diete beren esanetara daudela horri buruzko informazioa zabaltzeko eta/edo elkarlanean aritzeko beharrezkoak diren neurriak diseinatzeko lanetan, elektrizitatearen kostu handia kaltegarria izan ez dadin bazterketa-arrisku handia duten pertsonen bizi-kalitaterako.