Fekoorrek Laguntza Teknologiaren eta Komunikazioaren I. Biltzarrean parte hartuko du Bartzelonan

Karmele Egileor informatika teknikariak eta Beatriz Sergio logopedak, Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko eta Fekoorrek kudeatutako Arbolarte eguneko zentroko langileek, parte hartuko dute, maiatzaren 28an (larunbata), Bartzelonan, BBC 2022 I. Biltzarra (Breaking Barriers Congress)– Laguntza Teknologia eta Komunikazio Handigarria.

Biltzarra Romper Barreras Fundazioak antolatu du, eta gaurtik maiatzaren 28ra bitartean (larunbata) egingo da, konde-hiriko World Trade Center-en. Bertan, arlo bakoitzeko nazioarteko aditu handienak, profesionalak, erabiltzaileak, familiak, enpresak eta erakundeak bilduko dira laguntza-teknologiari eta komunikazio handigarriari buruzko ekitaldian.

Hiru egunez, soluzio teknologikorik onenak erakutsiko dira, eta, bereziki, inklusiorako eta partaidetzarako teknologiaren aplikazio-esperientziarik onenak. Hain zuzen ere, Fekoorreko Egileor eta Sergio teknikariek parte hartuko dute maiatzaren 28an, Fekoorreko Arbolarte zentroan desgaitasuna duten pertsonekin teknologiaren erabileran jorratutako esperientziaren eta kasu zehatzen berri emateko eta teknologiak gizarteratzeko eman dizkieten aukerak jakinarazteko.

BBC Barcelona 2022 Biltzarrak tailerrak, esperientzien eta soluzioen aurkezpena, Estatuko eta nazioarteko fabrikatzaileen erakusketa-eremu bat eta harremanetarako eta networking-erako beste bat barne hartuko ditu. Gai hauek landuko dira: komunikazio handigarria eta alternatiboa, aisialdia, inguruneen kontrola edo zentzumen anitzeko estimulazioa.