Fekoor osatzen duten erakundeek kalean presentzia handiagoa izateko konpromisoa ardatz hartuta ospatu dute elkarte-festa

Fekoor osatzen duten 18 elkarteek elkarte-festa ospatu dute igande honetan Bilboko Areatzan, eta kalean presentzia handiagoa izateko eta beren gizarte-sarea zabaltzeko konpromisoa hartu dute ardatz, desgaitasuna duten Bizkaiko 90.000 pertsona baino gehiagori laguntzeko eta beren esperientziaren ekarpena egiteko. Desgaitasuna duten pertsonak lurraldeko biztanleriaren % 5,8 dira.

Hauek dira Fekoor osatzen duten kolektiboak: Accu, Adela, Adeles-Bizkaia, Adembi, Adisa, Aheva, Alcer, Argia, Asebier, Aspanovas, Bene, Bidari, Bizkel, Codisfiba, Eman Eskua, Efela, Frater eta Levar. Elkarte horietako batzuen ordezkariak goizeko hamaiketatik arratsaldeko ordu biak arte egon dira horretarako jarritako sei jaimetan, egiten duten lanaren berri ematen.

Marcelino Fernández Fekoorreko bozeramaileak erakunde guztien izenean hitz egin du, eta adierazi du, bizi dugun egoera gorabehera, “desgaitasun fisiko eta organikoaren Bizkaiko mugimendurik handiena” izaten jarraitzen dutela, “9.000 pertsona baino gehiago” baitaude Fekoorren izena emanda.

Elkarte-mugimenduak oraindik ere “asko duela emateko” ziurtatu ondoren, honako hau azaldu du: ekitaldi honen bidez “herritarrengana hurbildu nahi dugu, nor garen, zer egiten dugun eta, batez ere, gizarteari zer ematen diogun jakin dezaten”.

“Urte asko daramatzagu lanean, denbora asko eman dugu militantzian eta boluntariotzan; oinarri sendoak dituen elkarte-sarea osatzen dugu, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko zereginarekin jarraitzeko, elkarte bakoitzak bere berezitasunetatik abiatuta”, nabarmendu du.

Lortu beharreko erronkak

Lortu beharreko erronken artean, kaleko ikusgarritasuna, egiten duten lanaren zabalkundea eta elkarte guztien sareko lana azpimarratu ditu, “elkarrekin indartsuagoak baikara”.

Beste helburu bat finantzaketa publikoa sendotzea da, jarduera gehiago egiteko eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. “Oraindik ere irisgarritasun falta dago inguruneetan, espazio bereiziak daude, desberdinkeria dago osasun-arretan, gabeziak daude hezkuntza inklusiboan eta enpresa arrunteko laneratzean, baita laguntza ekonomikoen falta ere argiaren ordainagiria eta laguntza teknikoak ordaintzeko, besteak beste”, aipatu du.

Gabezia horien aurrean, adierazi du, “elkarte-mugimendua funtsezkoa da bizi-kalitate hobea lortzeko eta gizartean benetan parte hartu ahal izateko”. “Horretarako –gaineratu du–, printzipio hauek hartzen ditugu oinarritzat: normalizazioa, inklusioa, aukeren parekatzea eta autodeterminazioa”.

Ekitaldia musika-ekitaldi batekin amaitu da, eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkari politikoak izan dira bertan.