Elkarteanek gidaliburu bat argitaratu du desgaitasun fisikoa duten eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeei laguntzeko

Elkarteanek, Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak, gidaliburu bat argitaratu du indarkeria matxista jasaten duten emakumeei beren burua halakotzat hartzen eta laguntza eskatzen laguntzeko eta haiei ematen zaien arreta hobetzeko.

Desgaitasun fisikoa duten emakumeen familientzako eta laguntza-sareentzako eta parte hartzen ari diren elkarteentzako ere bada dokumentua, baita arretaren arloan lan egiten duten profesionalentzako ere.

Elkarteanen arabera, desgaitasun fisikoa duten emakumeek eta neskatoek “talde sozial isolatu eta ikusezin bat osatzen dute. Talde horrek mota guztietako murriztapen eta mugei aurre egin behar izan die, desberdinkeriaz tratatua izan da luzaroan eta babesgabetasun politikoa jasan du”.

Hori dela eta, gidaliburuan adierazle batzuk azaltzen dira, desgaitasun fisikoa duen emakume bat indarkeria matxista jasaten ari den hautematen laguntzeko; indarkeria hori, abusu edo abandonu bidezko indarkeria izan daiteke, edozein erasotzailek eragin dezake, leku publikoetan zein pribatuetan.

Horren harira, Euskadiko elkarteak adierazpenak eta seinaleak bereizten ditu. Lehenengoak “indarkeria matxistak har ditzakeen moduak dira, esplizituak eta portaera objektiboen bidez egiazta daitezkeenak; seinaleak, berriz, ez dira hain agerikoak, antzemateko zailagoak diren portaerak dira, eta horiek antzemateko erne ibili behar dugu”.

Gomendioak

Dokumentuaren beste atal batean, gomendio orokor batzuk proposatzen dira indarkeria matxista bizi duten emakumeei laguntzeko: beren etorkizuna erabakitzeko eta komunitatean modu aktiboan parte hartzeko eskubidea bermatzea esaterako,

baliabide, zerbitzu eta espazio guztiak eskuratzeko aukera emanez, beren indibidualtasuna errespetatuz eta emakume horiekiko duten gizarte-pertzepzioa aldatuz.

Era berean, honako hau gomendatzen dio berariaz talde sozial horri informazioa eskatzeko, laguntzeko edo aholkatzeko bere erreferentziazko erakundera joatean: “Ez zaitez errudun edo lotsatuta sentitu gertatzen ari zaizunagatik, zu ez zara erantzulea. Ez isolatu. Eskatu laguntza zure senideei, lagunei, zure laguntza-sareei eta zurekin harremanetan dauden profesionalei”; horiek dira dokumentuan azaltzen diren aholkuetako batzuk.

Era berean, desgaitasun fisikoa duten emakumeen errealitate berezia eta premiak kontuan hartzeko beharra proposatzen die horiei arreta ematen dieten profesionalei, prebenitzeko, laguntzeko, artatzeko, babesteko eta kaltea konpontzeko politiketan.