FEKOORREK 2022-2036 ETXEBIZITZAREN ALDEKO ITUN SOZIALA SINATU DU BILBON

Fekoor, Elkartu eta Elkartean elkarteek, beste 85 erakunderekin batera, 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala sinatu dute gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian, beste 88 erakunderen artean.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako akordioaren xedea da Euskadik etxebizitzaren arloan dituen erronkei eraginkortasunez aurre egitea, bai eta arlo horretan herritarrekin jarduten duten eragileek modu lerrokatuan, partekatuan eta elkarlanean lan egitea ere, epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin.

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean, lau xede kuantitatibo ezartzen dira 2036rako, baita lehentasunezko sei jarduketa-ildo ere, helburu horiek lortzeko.  Haien artean, azpimarratu beharra dago 2036. urterako Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien % 5 alokairu eskuragarriaren eskaintza publikora bideratzeko helburua (50.000 etxebizitza). Halaber, babes publikoko etxebizitza-parke iraunkorra etxebizitza nagusien % 12ra igotzeko helburua nabarmentzen da. Era berean, hamabost urteko epean urtean eraikinen % 3 birgaitu daitezen lortzea planteatzen da (gaur egun % 1,5 birgaitzen dira). Horrela, beraz, 350.000 etxebizitza eraberritu behar dira epe horretan (eraikitako hirutik bat, gutxi gorabehera). Xedeen artean, halaber, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten kolektiboentzat etxebizitza libreen (obra berrikoen zein birgaitutako etxebizitzen) parke bat izateko beharra ezartzen da.  

Xede horiek lortzeko, itunak lehentasunezko jarduketa-ildo batzuk eta haiek abian jartzeko jarraibideak aurreikusten ditu:

Inbertsio handiagoa etxebizitzan, pizgarri fiskaletan oinarritua. Etxebizitza-arloko gastu publikoa pixkanaka handitzea, BPGaren % 1,5 ingurura iritsi dadin, eta birgaitzeari lotutako inbertsio pribatua BPGaren % 5 ingurukoa izatea, Europako herrialderik aurreratuenen antzera.

Etxebizitza-politikaren gizarte-dimentsioan sakontzen jarraitzea. Etxebizitza-politikaren eta gainerako gizarte-politiken (gizarte-zerbitzuak, gazteak, adinekoak, desgaitasuna, berdintasuna, enplegua eta abar) arteko integrazio handiagoa lortzearen aldeko apustua egiten da. Horretarako, hainbat errealitateri (hala nola etxegabetasunari, familia ugariei eta gazteek etxebizitza eskuratzeko aukerari) erantzun integralagoak emango dizkieten zerbitzuak eta programak jarriko dira abian.

Udal-agenda estrategikoan etxebizitza txertatzeko aukera zabaltzea, eta, ildo horretan, tokiko etxebizitza-planak lantzeko babes-ildo bat abian jartzea.

Eraikuntza-sektore erakargarri, lehiakor eta berritzaile bat osatzea, eta, horretarako, sektoreko talentuaren trebakuntza eta garapena eta haren berrikuntza-proiektuak bultzatzea eta sektorean emakume gehiago sartzeko aukera erraztea.

Datu-adimena eta ebaluazio aurreratua; ildo horretan, Etxebizitzako Behatokiaren zeregina indartu eta instituzionalizatu egingo da.

Inplikazio eta lankidetza publiko-pribatu-soziala; Etxebizitzaren Foroa abian jarri eta dinamizatuko da (Itunaren bitartez konprometitutako eragileen parte-hartzerako eta haien arteko lankidetzarako gune egonkor gisa), eta herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatuko dira.

Akordioak helburuak lortzera bideratutako inplikazio eta lankidetza publikoa, pribatua eta soziala indartzeko beharrezkoak diren mekanismoak jasotzen ditu, eta Etxebizitzako Behatokiaren bitartez, urteko jarraipen-txosten publiko bat egingo da. Txosten horren bidez, aurrerapenak monitorizatu eta beharrezkoak diren doikuntzak gardentasun osoz egin ahal izango dira.