Fekoorrek “punki” gandorra atera du eta desgaitasunaren kolektiboak “mundu guztiak dituen arazo berberak” izan ditzan eskatu du

Fekoorrek Desgaitasunaren Nazioarteko Eguna ospatu du abenduaren 3an Bilbon, eta bertan, punki estetikarekin, bere kolektiboak “mundu guztiaren arazo berberak izan ditzala” aldarrikatu du, eta ez komunitatean bizimodu independentea gauzatzea eragotziko duten “arazo espezifikoak”.

Ordezkari politiko, instituzional eta bazkideen aurrean egindako hitzaldian, Fekoorreko presidenteak,  Zuberoa Liendok, “Arazoak nahi ditut” leloa duen kanpaina aurkeztu du. Kanpaina egun honetatik aurrera, eta urte osoan zehar egingo da.

Esan duenez, ia 9.000 pertsona biltzen dituen federazioak, herritarrak kontzientziatu nahi ditu, uler dezaten desgaitasuna duten pertsonok “ez dugula pribilegiorik nahi, ezta modu berezian tratatzea ere, baizik eta, besterik gabe, gure eskubideak errespeta daitezela nahi dugu”.

“Arazoak izan nahi ditugu, mundu guztiak dituen arazoak, gure egoera fisikoagatik desberdintasunik eta diskriminaziorik jasan gabe. Hipoteka bat ordaintzeko, etxebizitza bat erosteko edo Osakidetzan hitzordua lortzeko zailtasunak”, azpimarratu du.

Ez duguna nahi da, eta hemen punki gandorra aterako dugu, -erantsi du- espaloian aulkia trabatuta geratu delako autobusa galtzea, igogailurik ez dugulako etxetik ezin irtetea, edo azterketa mamografikoan esatea: “joan zaitez beste leku batera andrea, hemen ezin dizugu azterketa egin”.

Gizarte-erantzukizuna

Liendok adierazi duenez, Irisgarritasuna, Inklusioa eta Berdintasuna kontzeptuak, besteak beste, “utopia handiak” dira bere kolektiboarentzat, eguneroko bizitzan aurkitzen dituzten oztopoak direla eta; izan ere, adierazi duenez, laguntzak ematea, oztopoak kentzea eta kalitatezko hezkuntza eta osasun publikoa bermatzea “erantzukizun soziala dira, ez norbanakoarena, ez familiarena”.

Fekoorren helburua “jarrera eta pentsamolde zaharkituak aldatzea” dela esan du, baina “penarik eman gabe eta beti eskean ibili gabe, baizik eta jo eta su lan eginez”, erakundeekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin eta “legeak egiteko aukera duten eta, batez ere, gauzak hobera aldatzeko aukera duten” pertsona guztiekin bilduta.

Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako Plana baloratu du. Plan horretan, bere erakundea lankidetzan aritu da. Planak “desgaitasunak dituzten pertsonen autodeterminazioan jartzen du arreta, gainerako pertsonen espazio berberetan presentzia soziala eta aukera-berdintasuna izan ditzagun”; horretarako, beharrezkotzat jotzen du behar diren laguntza tekniko eta giza baliabideak izatea, “gure ingurunean nahi dugun bezala bizi eta izan nahi duguna izateko”.

Diego Pérez aktoreak aurkeztutako ekitaldian, Bizimodu Independentea Fekoor Saria 3DLAN irabazi-asmorik gabeko elkarteari eman zaio. Elkarte horrek lankidetza estua du

erakunde honekin, 3D inprimagailuarekin laguntza teknikoak fabrikatzen baititu, desgaitasuna duten pertsonek jarduerak modu inklusiboagoan eta independenteagoan egiteko aukera izan dezaten.

Gainera, omenaldia egin zaie Juan Carlos Sola, 28 urtez Fekoorren zuzendari izandakoari, eta Andres Benzal, federazio horretako bazkidea eta “Mi dulce geisha”, taldeko abeslariari, bideo banarekin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru diputatua, Bilboko Udaleko talde guztietako ordezkariak eta Getxoko Udaleko kideak izan dira ekitaldian.