
08 Dec Bilboko hainbat gizarte-taldek manifestazioa deitu dute abenduaren 10erako “Jaiki hadi hire eskubideen alde” lelopean
Bilboko 10 gizarte-taldek Plataforma 10 Giza Eskubideak osatu eta manifestaldia deitu dute hurrengo abenduaren 10erako, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunez, “Jaiki hadi hire eskubideen alde” lelopean.
Honako elkarteak hartzen ditu barne plataformak: Alboan, Aletu, Amnesty International, Bizitegi, FEKOOR, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Eskaut Bizkaia Federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zubietxe eta EAPN.
Guztiek parte hartuta, larunbateko manifestazioan irakurriko den adierazpena sortu dute. 11.30ean Arriaga plazatik abiatu eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean amaituko da ibilaldia.
Gizarte-taldeok adierazpenean deitoratzen dutenez, 1948tik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala dugun arren, gaur-gaurkoz “ez dira inondik inora eskubideak errespetatzen, are gutxiago libertateak”.
Bizimaila egokiaren bermea
Ildo horretan, botere publikoei immobilismoa utzi eta oinarrizko eskubideak era eraginkorrean betetzea eskatzen diete, hala nola bizimaila egokiaren bermea herritar guztientzat, bazterketa soziala pairatzen duten pertsonak barne, Bizkaian bizi diren etorkinak tarteko. Zehazkiago, etxebizitza, osasun arta, elikagaiak, jantziak, beharrezko zerbitzu sozialak eta parte hartze soziala eskatzen dituzte; azken batean, eskubideak.
Ezgaitasunik duten pertsonen bizimodu independentea bermatzea ere eskatzen dute, euren inguru hurbilean eta beharrezko laguntzekin. Era berean, heteropatriarkatua “eraistea” galdatzen dute, “emakume guztiok bortizkeriatik at eta soldata duinekin bizi gaitezen”.
Halaber, lege zabalak sustatzea eskatzen dute, sexu orientazioa eta genero identitatea barnebiltzen dituztenak, “oinarri debekaezin” lez.
Eta bukatzeko, ingurugiroari begira, naturaren zaintzan engaiatzea exijitzen dute, “jasangarritasun ekologikoa lehenetsita transakzio-boterearen interes ekonomikoen aurretik”. “Amazoniaren eta planetako beste ekosistema batzuen espoliazioan diharduten enpresen inpunitatea gelditzea” ere eskatzen dute, eta berauen praktiken ondorioek kaltetutako pertsona eta komunitateen justizia-eskubidea bermatzea.