
09 Jan FEKOORREK 2022AN DESGAITASUNA DUTEN 111 PERTSONA ENPRESA ARRUNTEAN LANERATZEA LORTU DU
Fekoorreko Laneko Orientazio eta Bitartekaritza Zerbitzuak 111 pertsona (67 emakume eta 44 gizon) kontratatzea lortu du enplegu arruntean, iaz baino 10 gehiago.
Maitane Bergara eta Silvia Fernández de las Heras Fekoorreko enplegu-teknikarien arabera, emaitza “oso positiboak” dira, “2022an lan-erreformaren, lan-merkatuaren bilakaeraren eta munduko ekonomiaren ondorioz izandako aldaketak eta ziurgabetasunak” gorabehera.
Urteko lehen seihilekoan, desgaitasunaren Bizkaiko erakundeak “eskaintza ugari kudeatu zituen”, eta, horren ondorioz, 77 laneratze gauzatu ziren. Datu hori “beste urte batzuetan hilabete horietan izandako batez bestekoa baino askoz handiagoa izan zen, batez ere urtarriletik martxora, 40 laneratze egon baitziren”. Hala ere, lan-erreformaren ondoren, eta batez ere urteko azken hiruhilekoan, “dezelerazio nabarmena” nabaritu da.
Enplegu-teknikariek argitu dutenez, erreformari esker, kontratu mugagabeen kopuruak “nabarmen egin du gora: 2021ean 13 ziren, eta 2022an, aldiz, 40 (22 emakume eta 18 gizon) baina lanaldi partzialak edo aldizkako finkoak dira”.
Gainera, azaldu dutenez, “bizitzaren kostua igo egin da, eta soldatak ez dira modu proportzionalean igo. Beraz, gaur egun kontratu mugagabea izateak ez du ziurtatzen, kasu askotan, desgaitasun fisikoa duten pertsonen bizi-kalitate duina eta independentzia ekonomikoa”.
Enpresa-ehunaren inplikazioa
Bizkaiko enpresa-ehunaren lanari eta inplikazioari esker, 121 lan-eskaintza kudeatu dira. Horrek 111 kontratazio ekarri ditu, 67 kontratu emakumeei eta 44 gizonei.
Sektoreka, garbiketako eta arreta soziosanitarioko eskaintzek gora egin dute, baina manufaktura-industriako, logistika eta garraioko, administrazioko eta zerbitzuetako kontratazioak ere egin dira.
Laneratzeak gauzatzeko, Fekoor 176 enpresarekin jarri da harremanetan eta 794 pertsona artatu dira.
Pertsonei arreta ematea
Pertsonei emandako arretari dagokionez, aurrez aurre, telefonoz eta online eman zaie arreta, eta iraupen labur, ertain eta luzeko orientazio-ibilbideak sortu dira. Horrez gain, aholkularitza zehatza eman zaie administrazioekin egindako kudeaketekin, enplegua bilatzeko tresnekin edo datuak eguneratzearekin lotutako gaiei buruz.
Urtean zehar artatutako pertsonetatik, 89k lehen aldiz eman dute alta Fekoorren enplegu-programan. Gaur egun, erakundearen lan-poltsan 2.809 pertsona daude izena emanda (1.767 gizon eta 1.042 emakume).
2022an, erakundeko enplegu-teknikariek areagotu egin dute orientazio eta informazio pertsonalizatuaren arloan egindako lanaren aldeko apustua, ibilbide luzeagoak eta espezializatuagoak eginez; izan ere, lan-merkatutik kanpo geratzen diren pertsonak “gero eta urrunago daude merkatu horrek eskatzen duenetik”.
Bereziki, alderdi hauek azpimarratu dituzte: motibazioa, prestakuntza-beharrak hautematea, lan-merkatu aldakorrerako sarbidea erraztuko duten prestakuntzetara bideratzea, baliabide egokituenei buruzko informazioa eta ezintasun-prozesuen ondoren prestakuntzazko eguneratzea.
“Funtsezko helburu gisa, gure pertsonen arteko gaitasun digitala sustatzearen aldeko apustua egin dugu, lan-merkatuaren behar berrietara, pertsonak hautatzeko joera berrietara egokitu daitezen eta urrutiko lanaren modalitatea sustatzeko, lan-agertoki berriak sortuko dituzten teknologia berriak erabiliz, inor atzean gera ez dadin eta bizimodu independenterako eredua bultzatzeko”, adierazi dute.