
07 Feb Fekoorreko gizarte-langileak 1.494 pertsonari eman zien aholkularitza 2022an
Fekoorreko (Bizkaiko Desgaitasun Fisiko eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) gizarte-langile Elena Garcíak 1.494 pertsonari eman zien aholkularitza 2022an, desgaitasunaren balorazioa egiteko, mendekotasunagatiko laguntzak eta laguntza-baliabideak eskuratzeko edo enplegu arrunta lortzeko izapideei buruz.
Gizarte Laneko programa pertsonen lehen arreta-maila da, eta aukera ematen du beren egoeraren hasierako autoebaluazioa egiteko eta Fekoorren, administrazioetan edo ingurunean dauden baliabideei buruzko informazioa emateko, bizi-plan independentea gara dezaten.
Programa honetan artatutako pertsona guztien % 76 (1.135) telefonoz artatu ziren, % 13 (194) aurrez aurre eta gainerako % 11 (165) online.
Hauek izan ziren kontsultatutako gairik garrantzitsuenak: desgaitasunaren eta mendekotasunaren balorazioa izapidetzeko eman beharreko urratsak, mendekotasunagatik ematen diren laguntza eta baliabideak (egoitzak, etxebizitzak, eguneko zentroak), laguntzen eta baliabideen aholkularitza (desgaitasun-mailaren arabera), enplegu arrunta lortzea eta Fekoorren jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazioa.
Elena Garcíaren arabera, aztertutako kasu askok agerian uzten dute “desgaitasuna duten pertsonen eskubideak urratzen direla eta aukera-berdintasunik ez dagoela, beren ingurune hurbilean bizimodu independentea garatzeko behar diren baliabideak falta direlako”.
Egoera horiek ikusita, Fekoorrek laguntza ematen die ukitutako pertsonei administrazio publikoen aurrean eskariak edo idazkiak aurkezteko, araudi “kaltegarriak hobetu edo aldatze aldera”.