DEsgaitasuna duten emakumeen errealitatea politika publikoetan sartzea aldarrikatzen du ElkarteaNEK

ELKARTEANek (Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzailea), desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta horien aldarrikapen-ekintzak burutzeko plataformak, martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, desgaitasun fisikoa eta organikoa duten emakumeen errealitatea politika publikoetan txertatzea aldarrikatzen du.

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 6. artikuluak (Desgaitasuna duten emakumeak) aitortzen duenez, “desgaitasuna dugun emakume eta neskatook diskriminazio-mota anitz jasan ditzakegu”.

Beharrezkoa da zeharka lantzea, desgaitasunaren ikuspegia genero-politiketan txerta dadin eta gure garapen, aurrerapen eta sustapen osoa ziurtatzeko behar diren neurri guztiak har daitezen.

Izan ere, desgaitasun fisikoa eta organikoa dugun emakumeok eskubidea dugu gizonek bezala gure eskubideak erabili eta baliatzeko, jasaten ditugun egiturazko desberdintasun-alderdiak gaindituz. Geure buruaz dugun pertzepzioa eta irudi soziala aldatu egin behar da: berdintzat hartzen den talde batean homogeneizatzeaz gain, asexuatutzat  eta gizonek baino gaitasun intelektual txikiagoak dituzten pertsonatzat hartzen baikaituzte.

Horregatik guztiagatik, hau ALDARRIKATZEN DUGU:

  • Gure ahalduntzea bultzatu eta etorkizuna erabakitzeko eta non, nola eta norekin bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea bermatzea, bizi-sistema espezifiko baten arabera bizitzera behartuak izan gabe, eta genero-rol eta estereotipoek eraginda bide zehatz bat hartzera behartuak izan gabe, bizimodu independentea garatuz, beste edozein pertsonak bezala.

  • Komunitateko zerbitzu, baliabide eta espazio guztietarako sarbidea ziurtatzea, gure partaidetza bermatuz; batzuetan, gehiegizko babesak, zaintza-rolak eta irisgarritasun unibertsalerako oztopoek mugatu egiten baitute.

  • Prestakuntza-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarriak bultzatzea, gure nortasuna, gaitasunak eta trebetasunak ahalik eta gehien garatzeko, bakoitzaren premiei eta etorkizunerako itxaropenei erantzunez.

  • Askatasunez aukeratutako edo onartutako lana lortzeko aukera izateko dugun eskubidea bermatzea, lan-merkatu eta lan-inguru ireki, inklusibo eta irisgarrian.

  • Mendekotasun-egoeran dauden beste pertsona batzuen zaintzaile-lanetan aritu nahi dugun emakumeekiko diskriminazioa desagerraraztea, horretarako behar ditugun laguntzak eta bateratze-neurriak erraztuz.

  • Hiri-gune eta eraikuntzetan irisgarritasuna eta segurtasuna ziurtatzea, gune kritiko edo segurtasunik gabeak kontuan hartuz (genero-ikuspegidun hirigintza, garraio segurua…).

  • Irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatzea, osasun-zentro, ospitale eta gainerako espazio guztietan, eta baita osasun-sistemako miaketak, proba diagnostikoak eta abar egiteko altzarietan, materialetan eta tresnetan ere.

  • Gure errealitatea eta beharrak kontuan hartzea indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako prebentziozko politiketan, laguntzeko, arreta emateko eta babesteko politiketan eta kaltea konpontzeko politiketan, kontuan hartuta jasan ditzakegun askotariko indarkeria-motak eta erasotzaileen aniztasuna.

  • Dimentsio sexualaren era askotako alderdiak zein ama izateko gure nahia (askatasunez hala aukeratzen dugunean) garatzea ukatzen duten estereotipoak apurtzea.