Bizkaiko Foru Aldundiak eta Fekoorrek hitzarmena sinatu dute Mentoretza Sozialeko programa bat sustatzeko desgaitasuna duten pertsonen artean

Bizkaiko Gizarte Ekintzako Foru Departamentuak eta Fekoorrek (Bizkaiko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Mentoretza Sozialeko programa bat abian jartzeko. Programa horren bidez, desgaitasuna duten pertsonei lagunduko diete gaitasunak hobetzen, beren hazkunde pertsonal eta sozialerako.

Proiektua astearte honetan aurkeztu da Bilboko Arbolarte eguneko zentroan egindako prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua, Ana Elorz Fekoorreko Bizinde, Bizimodu Independenterako Zentroko arduraduna eta programan parte hartu duten bi pertsona, Raúl Pérez Uruburu eta Norma Lapeyre.

Iaz proba pilotu bat egin zen, eta 20 bikotek parte hartu zuten bertan, 20 mentorek eta 20 mentoretzapekok, eta aurten gutxienez 60 pertsona egotea nahi da. Oraingo honetan, mentoretzak bi fase izango ditu: lehena apiriletik irailera eta bigarrena ekainetik abendura.

Metodologiari dagokionez, bikote bakoitza astean behin bilduko da 6 hilabetez, eta denbora horretan esperientzia-truke bat egongo da, mentoretzapeko pertsonak “bizimodu independenterako trantsizioan funtsezkoak diren gaitasunak garatu ahal izateko, hala nola, bere desgaitasunari buruz kontzientziatzea, enplegua bilatzea, gurpil-aulkian beste pertsona batekin batera mugitzea, garraio publikoa erabiltzea edo erosketak egitera joatea”, Ana Elorzek adierazi duenez.

Bikote guztiak boluntarioak dira eta bizimodu independentearen arloko Fekoorreko teknikariek gainbegiratuko dituzte. Berrikuntza gisa, hiru mentoretza-eredu ezarri dira: lehenengoan, laguntza emateko bikoteak astean behin elkartzen dira; bigarrena, 15 egunean behin elkartzen diren talde-harremanetan oinarritzen da, mentore batek edo bik bizimodu independentearekin lotutako gaietan mentoretzapeko sei bat pertsonako talde bati laguntzeko; eta hirugarrena, entrenamendu espezifikoetan oinarritzen da, hala nola arlo hauetan: parte-hartze komunitarioa, aisia eta turismoa, informatika edo eguneroko bizitzako trebetasunak.

Desinstituzionalizaziorako trantsizioak

Gizarte Ekintzako foru-diputatu Sergio Murillok programa honen “balioa” nabarmendu du, “desgaitasuna duten pertsonei beren bizi-proiektuan aurrera egiteko aukera ematen dielako, desinstituzionalizaziorako trantsizioak bideratuz”.

“Ibilbide hori egin dutenek lagundu diezaiekete hobekien desgaitasuna duten beste pertsona batzuei, aurrera egiten lagunduko dieten tresnak eskuratzeko”, azaldu du, eta gaineratu du “gizarte-ekintza bete-betea” dela, boluntarioek ematen baitituzte laguntzak, eta ez administrazioak.

Murillok adierazi du programa hori bat datorrela foru-erakundeak prestatutako Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzerako eta bizi-kalitaterako 2021-2023 Planarekin, zeinak “bizimodu independentera bideratutako estrategia ezartzen baitu”.

Testigantzak

Iaz Mentoretza Sozialaren proiektu pilotuan parte hartu zuen pertsonetako bat izan zen Raúl Pérez Uruburu. Rauli 16 urterekin etorri zitzaion desgaitasuna, eta ordutik buru-belarri aritu da lanean komunitatean bizimodu normalizatu bat egin ahal izateko hainbat tresnaren bidez, eta orain Asier Andueza bere mentoretzapekoari erakutsiko dizkio berak eskuratutako tresna horiek.

Aurten esperientzia errepikatuko du; izan ere, aitortu duenez, “hobe da desgaitasuna duen pertsona batek irakastea eta laguntzea profesional batek baino; izan ere, lagun zaitzakeen arren, ez duzu konfiantza-maila bera lortzen, ezta zure ikuspegi bera izatea ere, azken finean, errealitatea aulkitik ikusten duzulako”.

Bestalde, Norma Lapeyre, mentoretzapekoa, “pozik” agertu da ekimenarekin, eta gurpil-aulki bat erostera bultzatu du mugitzeko, nahiz eta hasiera batean, mesfidati agertu tresna horrekin.

Aurten ere programan parte hartuko du, gaitasun berriak eskuratzeko, eta desgaitasuna duten pertsonak mentore edo mentoretzapeko gisa aritzera animatu ditu, “kontua elkarri laguntzea delako, eta batak ez dakiena, besteak bere esperientziatik animatu eta bidea erraztu diezaiokeelako”. “Zure ondoan sentitzea, zure egoerarekin identifikatzea, ulertzea eta bere esperientziagatik zer gertatzen zaizun jakitea, hori ordainezina da”, ondorioztatu du.

Erakartze-kanpaina

Programa erabat doakoa eta borondatezkoa da, eta hori garatzeko, Fekoorrek mentoreak eta mentoretzapekoak erakartzeko kanpaina hasiko du gaurtik aurrera. Parte hartu nahi duenak hiru baldintza bete behar ditu: 18 urtetik gorakoa izatea, desgaitasun fisiko eta/edo organikoa izatea, eta Bizkaian bizitzea.

Izena emateko, Fekoorrekin harremanetan jar daitezke hiru bide hauek erabiliz: bizinde@fekoor.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, 94 432 67 43 edo 692 950 816 telefono zenbakietara deituz, edo Deustuko (Bilbo) Bizinderen egoitzara joanez (Sancho Azpeitia kaleko 2. zk. beheko solairua).