Fekoorrek 15 proposamen helarazi dizkie alderdiei Desgaitasunari buruzko Konbentzioa udalerrietan eta lurralde historikoan aplikatzen dela ziurtatzeko

Maiatzaren 28an udal- eta foru-hauteskundeak egingo direla eta, Fekoorrek (Bizkaiko Desgaitasun Fisiko eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) lehentasunezko 15 proposamen helarazi dizkie lurralde historiko honetako alderdi politikoei, foru- eta udal-eremuetan Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa aplikatzen dela ziurtatzeko.

Ekimenaren helburua da desgaitasuna duten emakumeek eta gizonek beren “eskubide guztiak baliatu ahal izatea, komunitatean aukera-berdintasunean parte hartu ahal izatea eta bizimodu independentea garatzea”.

Zehazki, Fekoorrek eskatzen du udalek eta aldundiek ziurta diezaiotela kolektiboari “oztoporik gabeko” mugikortasun fisikoa eta irisgarritasun unibertsala, etxebizitzaren, inguruneen, ikastetxeen, garraioaren, osasunaren, aisialdiaren eta kirolaren arloko “udal-araudi eta -ordenantza egokiak” eginez eta hedatuz.

Bizimodu independenterako eredua

Erakunde honen lehentasunetako bat da desgaitasuna duten pertsonek komunitatean bizimodu independenterako eredu bat garatu ahal izatea eta gizartean modu aktiboan parte hartu ahal izatea. Hori lortzeko, “nahitaezkotzat” jotzen da pertsona hauei  behar besteko prestazio ekonomikoak eta laguntza pertsonala ematea, non, nola eta norekin bizi nahi duten erabakitzeko aukera izan dezaten, “erakunde batean bizitzera behartu gabe”.

Era berean, kolektibo honek “etengabe berrituz doan” laguntza-produktuen eskaintza eskatzen du, bai eta banakako finantzaketa publikoa ere, desgaitasunaren premia aldakorretara egokitu daitezen.

Zergei dagokienez, desgaitasunaren gainkostua kontuan hartzen duten hobari, kenkari edo zerga-arintzeak proposatzen ditu, kolektiboak gainerako pertsonen aukera ekonomiko berberak izan ditzan.

Udaletatik arreta integrala ematea

Halaber, Fekoorrek eskatzen du udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuetan zentralizatzea beste administrazio batzuekiko koordinazioa, desgaitasuna duten pertsonei arreta integrala eskaintzeko, beren bizimodu independenterako ereduan aurrera egin ahal izateko, eta, halaber, bizilekuaren araberako desberdintasunak saihestuko dituen etxez etxeko laguntza-zerbitzua sor dadila. 

Era berean, indarreko foru-araudian dagoen diskriminazioa ezabatzea eskatzen du, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonek zaintzaile lana egin eta dagokien laguntza ekonomikoa jaso ahal izan dezaten.

Beste aldarrikapen batzuk dira udal-ordenantza guztietan bateratzea mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak erabiltzeko irizpideak, haien erabilera egokia ziurtatzeko; kolektiboak eragiten dieten politika ofizialetan parte-hartzea sustatzea; eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatu beharreko interes orokorreko jarduera bermatzea.

Fekoorren proposamen guztiak genero-ikuspegiarekin landu dira, desgaitasuna duten emakumeen eta gizonen ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta.