Fekoorrek kanpaina bat abiatu du botere publikoak kontzientziatzeko Desgaitasunari buruzko Konbentzioa bete beharraz

“Lege dugu” lelopean, Fekoorrek kanpaina bat hasiko du bihartik aurrera sare sozialetan, botere publikoak eta herritarrak, oro har, kontzientziatzeko Espainiako Estatuak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa betetzeko duen betebeharraz.

Aurten 15 urte bete dira Espainiak 2008ko maiatzaren 3an Nazio Batuen Konbentzioa berretsi zuenetik. Hori dela eta, “lege-mailako barne-arau bihurtu zen, eta beraz, haren eskubideak lotesleak direnez, gure ordezkari diren erakundeek bermatu egin behar dituzte”, zehaztu du Fekoorreko zuzendari Javier Gilek.

“Hala ere –adierazi du–, artikuluen zati bat oraindik ez da gauzatu”. Hori dela eta, Fekoorrek kontzientziazio-kanpaina bati ekingo dio, “Lege dugu” lelopean, “nahitaez bete beharreko araua dela berresteko” eta tresna juridiko horri balioa emateko “gure kolektiboa ikusarazteaz gain, desgaitasuna giza eskubideen gai gisa kokatzen baitu, gure gaitasun eta eskumenak baliarazteko.

Desgaitasuna duten pertsonen aintzatespena

Gilek azpimarratu duenez, Konbentzioa betetzea eta bertan jasotzen diren eskubideak bermatzea ezinbestekoa da “desgaitasuna dugun pertsonok gizarte inklusibo baten parte garela, eta gizarte horretan gure bizi-proiektua aukeratu eta garatu dezakegula aitortzeko, gainerako pertsonek bezala, betebehar eta arazo fisiko berberei aurre eginez”.

Horren harira, eta hauteskunde aurreko egunetan gaudenez, Fekoorrek “kolektiboaren benetako parte-hartze publiko eta politikoa bermatzea” eskatzen du, “ulerterrazak eta erabilerrazak diren eta botoa emateko eskubidea erraztuko duten programa, kanpaina, instalazio eta materialen irisgarritasun unibertsala bermatuz”.

Erakundearen sentsibilizazio-kanpainak bederatzi bideo labur izango ditu, eta horietan Konbentzioan jasotako beste hainbeste eskubideren garrantzia nabarmenduko da (bizimodu independentea, diru-sarrerak eta etxebizitza duina bermatzea, enplegu arrunta, irisgarritasun unibertsala, emakumeen berdintasuna, hezkuntza eta osasun inklusiboak, bizitza politikoan, kulturalean, aisialdian eta kirolean parte hartzea).

Jarduera maiatzaren 3an bertan amaituko da, eta hitzaurrea eta 50 artikuluz osatutako testu juridiko honen alderdi garrantzitsuenak jasoko dituen bideo bat erakutsiko da.

https://youtu.be/yXvMjiUPSGs