Fekoorrek Desgaitasunari buruzko Konbentzioaren eskubideak betearazteko eskatu du Bilbon egindako kontzentrazioan

Fekoorrek (Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) kontzentrazioa egin du gaur arratsaldean Bilboko Plaza Biribilean, botere publikoei eskatzeko bete dezatela kolektibo horren eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa.

“Nire eskubideen alde berdintasunean” lelopean, ehun persona inguru, desgaitasuna duten pertsonak eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko kideak, kontzentrazioa egin du 18:00etan, ordu erdiz, udal- eta foru-hauteskundeetan beren aldarrikapenak kontuan hartuak izan daitezen eta hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politikoek asumitu ditzaten.

Javier Gil Fekoorreko zuzendariak azaldu duenez, Konbentzioa Espainiak duela 15 urte berretsitako nazioarteko Ituna da, eta, beraz, “nahitaez bete beharrekoa”. Araudi horrek aitortzen du desgaitasuna duten pertsonek “beste edozein pertsonaren oinarrizko eskubide eta askatasun berberak dituztela, eta baldintza berberetan babestu eta sustatu behar direla”.

“Horrek esan nahi du –gaineratu du– Bizkaian hartzen diren politikek eta neurriek edozein diskriminazio-mota desagerrarazteko diseinatuta egon behar dutela, eta hezkuntzara, enplegura eta kulturara sarbidea izateko eta gizartean bizitzeko aukera bermatu behar dela”.

Horren harira, kontzentrazioan zehar, parte-hartzaileek panfletoak eta pankartak banatu dituzte, Konbentzioan jasotako eskubide batzuk laburbiltzen dituztenak: “Gauza on guztiak oztoporik gabe hasten dira”; “Nik ere garraio publikoan bidaiatu nahi dut”; “Laguntza pertsonala + prestazioak = bizimodu independentea”; “Etxebizitza duin eta irisgarri baten alde”; “Administrazio hurbileko eta irisgarri baten alde”; “Desgaitasuna dugun pertsonak ere zaindu egiten dugu” edo “Enplegu duinaren alde eta baldintza berberetan”.

Zehazki, Fekoorrek eskatzen du udalek eta aldundiek ziurta diezaiotela kolektiboari “oztoporik gabeko” mugikortasuna eta irisgarritasun unibertsala, etxebizitzaren, inguruneen, ikastetxeen, garraioaren, osasunaren, aisialdiaren eta kirolaren arloko “udal-araudi eta udal-ordenantza egokiak” eginez eta hedatuz.

Bizimodu Independenterako eredua

Erakunde honen lehentasunetako bat da desgaitasuna duten pertsonek komunitatean bizimodu independenterako eredu bat garatu ahal izatea eta gizartean modu aktiboan parte hartu ahal izatea. Hori lortzeko, “nahitaezkotzat” jotzen da pertsona hauei  behar besteko prestazio ekonomikoak eta laguntza pertsonala ematea, non, nola eta norekin bizi nahi duten erabakitzeko aukera izan dezaten, “erakunde batean bizitzera behartu gabe”.

Era berean, kolektibo honek etengabe berrituz doan laguntza-produktuen eskaintza eskatzen du, bai eta banakako finantzaketa publikoa ere, desgaitasunaren premia aldakorretara egokitzen laguntzeko.

Zergei dagokienez, desgaitasunaren gainkostua kontuan hartzen duten hobari, kenkari edo zerga-arintzeak proposatzen ditu, kolektiboak gainerako pertsonen aukera ekonomiko berberak izan ditzan.

Udaletatik arreta integrala ematea

Halaber, Fekoorrek eskatzen du udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuetan zentralizatzea beste administrazio batzuekiko koordinazioa, desgaitasuna duten pertsonei arreta integrala eskaintzeko, beren bizimodu independenterako ereduan aurrera egin ahal izateko, eta, halaber, bizilekuaren araberako desberdintasunak saihestuko dituen etxez etxeko laguntza-zerbitzua sor dadila. 

Era berean, indarreko foru-araudian dagoen diskriminazioa ezabatzea eskatzen du, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonek zaintzaile lana egin eta dagokien laguntza ekonomikoa jaso ahal izan dezaten.

Beste aldarrikapen batzuk dira udal-ordenantza guztietan bateratzea mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak erabiltzeko irizpideak, behar bezala erabiliko direla ziurtatzeko; kolektiboak eragiten dieten politika ofizialetan parte-hartzea sustatzea; eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatu beharreko interes orokorreko jarduera bermatzea.