Fekoorrek bizitza politikoan eta elkarrizketa zibilerako guneetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu du elkarte-jaian

Fekoorrek (Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) eta hura osatzen duten 20 erakundeek ohiko elkarte-jaia ospatu dute igande honetan, ekainak 18, eta kolektiboak bizitza politikoan eta elkarrizketa zibileko guneetan bete-betean parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatu dute.

Ekitaldia Bilboko Casilda Iturrizar parkean egin da. Bertan, Fekoorreko presidente Zuberoa Liendok manifestu bat irakurri du. Manifestuan gogorarazi duenez, duela 15 urte Espainiak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa berretsi zuen. “Gertaera historiko” bat izan zen, eta, besteak beste, esparru politikoan parte hartzeko eta kolektibo horri “zuzenean” eragiten dioten erabakiak hartzeko eskubidea aitortzen dio.

Hala ere, salatu du oraindik erabakiak hartzeko foroetan parte hartzea “galarazten dieten trabak eta oztopoak” dituztela. “Sarritan, gure ahotsak ez dira kontuan hartzen edo gutxietsi egiten dira, gure beharrak ez dira aintzat hartzen eta gure ikuspegiak baztertu egiten dira, eta hori ezin daiteke onartu”, aldarrikatu du.

Ildo horretan, azpimarratu du, desgaitasuna duten pertsonen ordezkari den aldetik, Fekoorrek eta bere elkarteek “zeregin baliotsua dutela gizarte inklusibo eta ekitatibo baten eraikuntzan”. “Gure ikuspegia eta begirada ezinbesteko tresnak dira Bizkaia lurralde lagunkoia, irisgarria, inklusiboa eta ekitatiboa izan dadin”, adierazi du.

Gizartea eraldatzeko motorra

Fekoorren lana nabarmentzeko, Liendok azpimarratu du Fekoorren elkarte-mugimendua dela “gizarte zibil antolatuaren adierazpenik handiena”, eta eskubideen defentsan “gizartea eraldatzeko motorra” dela. Horregatik, bizitza politikoan eta esparru publikoan bete-betean parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen du.

“Ez dugu onuradun pasibo soilak izan nahi, geure historiaren protagonista aktiboak baizik”. Azpimarratu duenez, beren jardueretan ematen duten urrats bakoitzean “pertsona guztiei oroitarazten diegu, gure ahotsak garrantzitsuak direla, gure ideiak baliotsuak direla eta gure ekarpenak funtsezkoak direla gizarte inklusiboagoa eta ekitatiboagoa lortzeko”.

Bizkaiko ordezkari politiko eta instituzionalek parte hartu dute festan, eta sei karpa izan dira, elkarteek beren jarduerak erakusteko. Horrez gain, haurrentzako jolasgunea eta Lylo@ZazpiKale taldearen musika-emanaldia ere izan dira.