Elkarteanek desgaitasuna duten pertsonen eskubideak betetzeko konpromisoa eskatu die alderdi politikoei

Elkartean, Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak dokumentu bat bidali die apirilaren 21eko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politiko guztiei, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruz hurrengo legegintzaldian bete behar dituzten konpromisoekin. Konpromiso horiek Nazio Batuen Konbentzioan jasota daude.

Javier Gil Fekoorreko zuzendariak azaldu duenez, dokumentu hau “ibilbide-orri bat da, eta horren bidez alderdi guztien konpromisoa eskatu nahi dugu, gure kolektiboaren eskubide, zerbitzu eta prestazioetan atzerapausorik gerta ez dadin, eta gure eskubideak gauza daitezen”.

Hain zuzen ere, Elkarteanek Euskadin bizimodu independenterako eskubidea arautzea eskatu nahi du, desgaitasuna duten pertsonek laguntza pertsonal bermatuaren bidez non, nola eta norekin bizi erabaki ahal izan dezaten.

Irisgarritasun unibertsalerako eskubidea ere eskatzen du, ingurune, prozesu, ondasun, produktu eta zerbitzuak pertsona guztien eskura egon daitezen.

Enpleguaren arloan, desgaitasuna duten pertsonek askatasunez aukeratutako lan-zentroetan lan egin ahal izatea eskatzen du, gainerakoen baldintza berdinetan eta ingurune inklusibo eta irisgarrietan.

Era berean, hezkuntza-eskaintza eta -ingurune inklusiboa eta irisgarria izatea desgaitasuna duten emakumeek gizonen eskubide berberak izatea eta kolektiboko pertsona guztiek ahalik eta osasun-mailarik altuena izatea eskatu du, inolako diskriminaziorik gabe.

Javier Gilek adierazi duenez, planteatutako proposamenen helburua “desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna bermatzea da, eta horretarako inklusioan oinarritutako politikak hartu behar dira, hezkuntzan, enpleguan, irisgarritasunean edo arreta-ereduan neurri bereizleak alde batera utzita”.

“Hurrengo legealdia funtsezkoa izango da desgaitasuna duten pertsonei aitortutako eskubideak benetan betetzeko bidean aurrera egiteko, eta, horretarako, Elkartean prest dago erakundeetako ordezkariekin lan egiteko, elkarlaneko gobernantza-eredu baten esparruan“, Fekoorreko zuzendariak adierazi duenez.

Kanpaina sare sozialetan

Hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei bidalitako proposamenen dokumentuaz gain, Elkarte Koordinatzaileak kanpaina bat abiarazi du sare sozialetan, bere proposamenak eta aldarrikapenak herritarrei helarazteko. Elkarteanek egindako proposamenen dokumentua ezagutu nahi duten guztiek www.elkartean.org. webgunean ikusi ahal izango dute.

Elkarteanek 16.000 bazkide baino gehiago ditu, eta desgaitasun fisikoa duten pertsonen erreferentziazko elkartea da Euskadin. Hiru lurraldeetan dago, Eginaren Eginez (Araba), Elkartu (Gipuzkoa) eta Fekoor (Bizkaia) erakundeen bidez, eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideak eta interesak ordezkatzen eta defendatzen ditu, aukera-berdintasuneko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzak lortzeko, bizimodu independentea eta komunitatean benetan parte hartzea bermatzeko.