Fekoorreko 18 elkarteek informazio-kanpaina bat abiarazi dute sareetan, desgaitasun fisiko eta organikoa duten pertsonek elkarteetan parte har dezaten

Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea (Fekoor) osatzen duten 18 elkarteek informazio-kanpaina bat hasiko dute asteartetik aurrera sare sozialetan, beren lana ezagutarazteko eta Bizkaiko gizartea Fekoorren elkarteetan parte hartzera animatzeko.

“Zurekin + gara. Somos + Contigo” lelopean, 9.000 bazkide inguru biltzen dituzten kolektibo horiek, gizarteari jakinarazi nahi diote horrelako elkarteetan lagundu behar dela,»batasunak ematen duen indarra oinarritzat hartuta», hobekuntzak lortzeko ikerketaren, osasunaren, gizartearen, emozioen, irisgarritasunaren eta laguntza-baliabideen arloetan.

«Elkarteak aldaketarako, eskubideak aldarrikatzeko eta egoera ahulean dauden pertsonei laguntzeko eragileak gara. Gure proiektuekin herritarren ahalduntzeari laguntzen diogu, inguruneak eraldatzen eta aukerak sortzen laguntzen dugu, bizikidetzan eta parte-hartzean oinarrituta», azaldu du Sonia Martínez Fekoorreko bozeramaileak.

Ikuspuntu horretatik, urrian eta azaroan, ACCU, ADELA, ADELES, ADEMBI, ADISA, AHEVA, ALCER, ARGIA, ASEBIER, ASPANOVAS, BENE, BIDARI, BIZKEL, CODISFIBA, EFELA, EMAN ESKUA, FRATER eta LEVAR elkarteek beren sare sozialetan jakinaraziko dute zein helburu dituzten eta nola lan egiten duten.