Elkarteanek desgaitasun fisikoa duten emakumeentzako zaintza “duin eta askeak” eskatzen dizkie Estatuari eta erakundeei

Fekoor kide duen Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Koordinakunde Elkartetik (Elkartean), azaroaren 5a, Zainketen Nazioarteko Eguna, ospatzeko, Estatuari eta erakundeei eskatzen diegu aitortu, errespetatu eta berma dezatela desgaitasun fisikoa duten emakumeek zainketa “libre, duin eta berdintasunean oinarrituak” jaso eta gauzatzeko duten eskubidea.

Gogorarazten dugu Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioaren 19. artikuluak eskubidea aitortzen duela modu independentean bizitzeko eta komunitatean sartzeko, baldintza berdinetan bizitzeko behar diren babesekin. Gainera, 23. artikuluak familia osatzeko eta norberaren bizitzari buruz askatasunez erabakitzeko eskubidea babesten du, duintasunez egiteko babes egokiekin.

Hala ere, Elkartean elkarteko gure teknikari Lexuri Badiolak salatu du eskubide horiek urritasun fisikoa duten “emakume askorentzat oraindik errealitate izatetik urrun” daudela.

“Jarraitzen dute infantilizatzen gaituzten arreta-eredu asistentzialistek, gehiegizko babes-dinamikek, laguntza pertsonalizatuen faltak, baliabide eskasek eta mendeko pertsonen paperarekin soilik lotzen gaituen imajinario sozialak, erabakitzeko, zaintzeko, zainduak izateko eta gure bizi-proiektua gauzatzeko dugun gaitasuna ukatuz”, adierazi du.

Horregatik, zainduak izan nahi dugun nor, nola eta zein eredutatik izan nahi dugun erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, behar ditugun babesekin.

Laguntza-zerbitzu publikoak

Laguntza eta zaintza zerbitzu “publikoak, eskuragarriak, inklusiboak, pertsonalizatuak eta autonomian oinarrituak” ere eskatzen ditugu.

Elkartean eredu “asistentzialistak eta kapazitistak,” gainditzea beharrezkotzat jotzen dugu eta “pertsona, eskubideak eta bizitza independentea ardatz dituen” zaintza sistemarantz jotzea.

Era berean, haien familietan, komunitateetan eta, oro har, gizartean zaintza-eragile gisa dugun zeregina aitortzea eskatzen dugu, eta, horrez gain, profesionalak prestatzea zainketetan, “eskubideen, errespetuaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren” ikuspegitik.

Hobekuntza horiek lortzeko, Estatuari eta erakundeei eskatzen diegu bizitza autonomorako baliabide, babes eta baldintza “duinak” berma ditzatela.