Fekoorrek 35 pertsonari lortu die lana 2026ko lehen seihilekoan, eta kontratu mugagabeak ia % 30 izan dira

Desgaitasuna duten eta hizkuntza- eta prestakuntza-oztopoei aurre egin behar dieten migratzaileen profila gehitu egin da 

Fekoorren Enplegu Programak desgaitasuna duten 35 pertsona laneratzea lortu du 2026ko lehen seihilekoan, eta horietatik 10ek kontratu mugagabea lortu dute. Zifra horiek programaren “heldutasuna eta egonkortasuna” berresten dute, enplegu mugagabearen eta hasierako enpleguaren indizea % 28,6koa baita, iazko aldi berean izandako ehunekoaren oso antzekoa (% 29,7).

Pedro de la Torre Fekoorreko Enplegu teknikariak azaldu duenez, datuek “enpresa laguntzaileen etengabeko konfiantza” erakusten dute. Aurten, kontratazio horiek 19 enpresetan gauzatu dira, eta Federazioaren lan-poltsan 3.045 pertsona daude izena emanda.

“Horrek ez du esan nahi denak oraintxe bertan lana aktiboki bilatzen ari direnik, baizik eta lanean ari direla, gure erakundearen bidez lana bilatu dutela edo gaur egun gure erakundearen bidez lana bilatzen ari direla”, zehaztu du teknikariak, eta nabarmendu du pertsona askorentzat ez dela Fekoorrekin duten lehen esperientzia, baizik eta programara itzultzen direla berriro bitarteko izateko, aurretik esperientzia onak izan dituztelako.

Artatutako pertsonen profilari dagokionez, Pedro de la Torrek azpimarratu du “askotariko profilak” direla eta generoa “oso orekatua” dagoela, gizonen eta emakumeen artean % 50ean banatuta. Parte-hartzaile guztiek % 33tik gorako desgaitasun-maila edo lanerako ezintasuna dute, eta gehienak desgaitasun fisikoak, organikoak edo anizkoitzak dira. “Ehunekoaren zenbakiak, azkenean, ez du ezer esaten lan egiteko gaitasunari buruz; axola zaiguna da ikustea zer muga erreal dituzten eguneroko bizitzan”, zehaztu du.

Homologatutako beste ikastaro bat Bizkaian

Laneratze arrunta bultzatzen jarraitzeko asmoz, Fekoorrek garbiketa profesionaleko beste ikastaro bati ekingo dio urriaren hasieran, Lanbiderekin lankidetzan, Prestakuntza Funtsaren Trapagarango zentroan. Programak 14 plaza eskaintzen ditu eta hiru hilabete eta erdi iraungo du (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara). Programari esker, ikasleek profesionaltasun-ziurtagiri homologatua eskuratu ahal izango dute.

“Horixe eskatzen dute orain sektoreko ia enpresa guztiek kontratatzeko”, adierazi du De la Torrek, eta gaineratu du parte hartzen duten pertsonek teknikak eta makineriaren erabilera ikasiko dituztela Estatuko edozein tokitan lan egin ahal izateko. Prestakuntza jasotzeko nahitaezko baldintzak dira Bizkaian bizitzea eta % 33tik gorako desgaitasuna edo lanerako ezintasuna egiaztatzea. Lehentasuna emango zaie 45 urtetik gorako pertsonei eta % 10etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan bizi direnei.

Migrazio-profilaren gorakada eta laneratzeko oztopoak 

Enplegu Programak 2025. urtearen amaieratik aurrera 2026an finkatu den joera bat ikusi du, eta hori da “desgaitasun batekin eta arrazoi ekonomikoengatik zuzenean laneratzeko premia larriarekin zerbitzura iristen diren migratzaileen gorakada nabarmena”.

Kolektibo horrek “prestakuntza-oztopo handi” bati aurre egin behar izaten dio, eta horrek zaildu egiten du zuzenean kontratatzea; horregatik, Fekoor aktiboki ari da lanean erakundearen ikastaro teknikoetara bideratzeko. Horrez gain, gaztelaniadunak ez diren biztanleen hizkuntza-oztopoa eta oztopo burokratikoak daude. “Horietako askok prestakuntza-ikastaro horiek egin nahi dituzte, hain zuzen ere, gizartean eta prestakuntzan errotuta daudela egiaztatzeko eta, horrela, haien lege-egoera erregularizatzeko; errealitate horrekin egiten dugu topo egunero”, adierazi du amaitzeko De la Torrek.