
23 Oct Mendekotasunaren Lege berriak argi-ilunak ditu, eta Kupoaren bidezko finantzaketa benetako ekintza bihurtzea eskatzen dugu
Legea motz geratzen da bizitza independentea bermatzeko, eta premiazko erreformak eskatzen ditugu lau arlotan
Fekoorren, gaur indarrean sartu den Mendekotasunaren Lege berriaren balorazioa egin dugu, «argi-ilunak» dituela adierazita. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioarekin bat egiteko aurrerapen teorikoak aitortzen ditugu, baina ohartarazi nahi dugu «jada ez dagoela aitzakiarik». Horregatik, euskal erakundeei eskatzen diegu berme ekonomiko berria «benetako ekintza» eta «benetako bizitza independente» bihur dezatela.
Itun Ekonomikoaren azken akordioaren bidez, mendekotasuna finantzatzeko Estatuaren ekarpena egungo % 11,7tik % 50era igoko da 2027tik aurrera. Horretarako, 280 milioi euro bideratuko dira 2026an, eta urtean 400 milioi euro baino gehiago ondorengo urteetan, Kupoaren bidez.
Egoera horren aurrean, baliabide gehigarri horiekin Bizkaiko Foru Aldundiak bizitza independentea sustatzeko politikak gara ditzala eskatzen dugu, funtsak zentro instituzionalizatuetara bideratu beharrean.
Halaber, araudi berriak hainbat baliabide batera erabiltzeko aukera emango du, hala nola eguneko zentroak, telelaguntza aurreratua eta laguntza pertsonala. Fekoorren aspaldiko eskaera da hori.
Lau arlo nagusitan hobekuntzak
Legegintza-esparruan aurrerapausoak eman badira ere, legea «motz» geratzen da modu independentean bizitzeko eskubidea eraginkortasunez bermatzeko. Horregatik, premiazko erreformak eskatzen ditugu lehentasunezko lau arlotan.
Laguntza pertsonalari dagokionez, legeak ez ditu zehazten laguntza hori abian jartzeko baldintzak. Horregatik, kontratazioaren benetako kostura egokitutako estaldura ekonomiko nahikoa ematea eskatzen dugu; zerbitzua zuzenean kudeatzeko aholkularitza eta bitartekaritza emango duten Bizitza Independenteko Bulego publikoak (OVI) sortzea; eta lanbide-esparru argi bat arautzea, prestakuntza espezifikoa eta Gizarte Segurantzan behar bezalako kokapena jasoko dituena.
Lan-arloan, Enplegu Zentro Bereziei emandako izen berria —laneratzeko enpresak— itxura-aldaketa hutsala dela uste dugu. Neurriak ez du konpontzen enplegu arruntean sartzeko dagoen arrakala; horregatik, premiazkoa da inbertsioa lan-ingurune ireki eta irisgarrietan lehenestea.
Jabetza Horizontalaren Legea «ez da nahikoa»
Bestalde, Jabetza Horizontalaren Legearen aldaketa ez da nahikoa milaka pertsona beren etxeetan giltzapaturik bizi izatearen egoera konpontzeko.
Horren harira, bizilagunen komunitateetan irisgarritasun-obrak nahitaez egin daitezela eskatzen dugu, edozein bizilagunek hala eskatuz gero, oztoporik eta muga ekonomikorik gabe. Horrez gain, etxebizitzak egokitzeko aurrekontu-sail espezifikoak bideratzea eta Alokabide edo Bizigune bezalako alokairuko etxebizitza-parke publikoetan etxebizitza egokituak benetan gordetzea eskatzen dugu.
Azkenik, koordinazio soziosanitario eraginkorra antolatzeko deia egiten dugu, osasun-arreta eta gizarte-zerbitzuak bateratzeko eta, horrela, ospitaleko alta jaso ondoren mendekotasun larriko egoera traumatikoak saihesteko.
Estatuaren % 50eko finantzaketa bermatuta dagoenez, euskal erakundeek ez dute arrazoirik komunitatean bizitza independentera igarotzea atzeratzeko.


