
24 Mar FEKOORek “Auzoan Bizi” ekimena bultzatu du Deustu auzoan inklusiorako bide berriak irekitzeko
Arbolarte eguneko zentroak, Fekoorrek kudeatzen duen foru-zerbitzuak, Auzoan Bizi ekimena jarri du martxan, Bilboko Deustu auzoko eguneroko bizitzan desgaitasuna duten pertsonen inklusioa indartzeko modu berriak aztertzea helburu duen ekimena. Era berean, saltoki txikiak sentsibilizatu nahi ditu, “aniztasunaren anfitrioi” bihur daitezen, eta jarrera irekia eta errespetuzkoa izan dezaten.
Proiektua hasierako fasean dago, eta ideia sinple batetik abiatzen da, Leire Martínez zentroko koordinatzaileak azaldu duenez: “Desgaitasuna duten pertsonen autonomia eta parte-hartzea ez dago soilik laguntza teknikoak edo zerbitzu espezializatuak edukitzearekin lotuta, bizi diren komunitateak jarrera irisgarria izatearekin ere zerikusia du”.
Testuinguru horretan, Arbolarte auzoko denda eta tokiko eragileekin bildu da, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin hausnartzeko ea nola sustatu pertsona guztiek eguneroko espazioetan parte hartzea. Lehen hartu-eman horien bidez, proiektuak “ingurune hurbilean elkartzeko eta lankidetzan aritzeko aukera txikiak” sortu nahi ditu.
Martinezen esanetan, “inklusioa egunerokotasunean ere eraikitzen da”. “Saltokiak, auzoko espazioak eta eguneroko hartu-emanak laguntza oso baliotsuak izan daitezke pertsonek komunitatean parte har dezaten”, azaldu du.
Auzoarekin elkarlanean eraikitzen den proiektua
Auzoan Bizi ekimenak urratsez urrats aurrera egin nahi du; horretarako, bizilagunak eta saltoki txikiak inplikatu nahi ditu, guztion artean aniztasunari eta bizikidetzari buruz hausnartzeko. Ekimenak “eguneroko keinuen garrantzia azpimarratu nahi du, hala nola komunikazio argia, hurbileko arreta edo parte-hartzea errazteko prestasuna”.
Aldi berean, zentroak auzoko bizitza komunitarioan parte hartzen jarraitzen du.
Gaur egun, Arbolarte Deustuko Jai Batzordearekin elkarlanean aritzen da hainbat jardueratan, hala nola inauteriak eta auzoko jaien antolaketan laguntzen. Gainera, joan den martxoaren 20an, jolas-jardunaldi ireki bat antolatu zuen San Pedro Plazan, zentroaren eta bizilagunen arteko topagune bat sortzeko.
Era berean, zentroko erabiltzaileek ekintza solidarioetan parte hartzen dute urtero, hala nola Elikagaien Bankuko boluntariotzan.
Ekimen honekin, Fekoorrek bizi-eredu independente baterantz aurrera egiteko modu berriak aztertzen jarraitzen du, “ingurune hurbilak —auzoak, saltoki txikiek eta komunitateak— gero eta eginkizun aktiboagoa izan dezan”.


