Enplegu arruntari eta enplegu babestuari laguntzeko neurriak parekatzeko eskatu dio Fekoorrek Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 1ean

Maiatzaren 1ean, Fekoorrek Eusko Jaurlaritza berriari eskatu dio parekatu ditzala urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan jasotako enplegu arruntari eta enplegu babestuari laguntzeko neurriak. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotutako programak eta zerbitzuak arautzen dira, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 27. artikuluarekin bat etorriz.

Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, Javier Gil Fekoorreko zuzendariak zehaztu du aurten Lanbidek 6,5 milioi euro bideratu dituela enplegu-zentro berezietan lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko, eta desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntean laneratzeko, berriz, 850.000 euro.

Ildo horretan, bi laguntzak ekonomikoki parekatzeko eskatu du; izan ere, “gure kolektiboak gainerako pertsonen baldintza berdinetan lan egiteko eskubidea du, eta horren barruan sartzen da askatasunez aukeratutako edo onartutako lan baten bidez bizimodua ateratzea, lan-merkatu eta -ingurune ireki, inklusibo eta irisgarri batean”.

Gogora ekarri du desgaitasuna duten emakumeek eta gizonek “zailtasun eta oztopo handiagoak” dituztela enplegua lortzeko, enpleguari eusteko eta mailaz igotzeko. Horren erakusgarri da kolektibo horren jarduera-tasa Euskal Autonomia Erkidegoan % 43,2 izan zela 2022an, eta desgaitasunik ez duten pertsonen tasa, berriz, % 56,47.

Erreserba-kuota

Fekoorrek eskatzen du, halaber, araudi espezifiko bat garatzeko 50 pertsona baino gutxiagoko plantillak dituzten enpresetan eta kooperatibetan kolektibo horri erreserba-kuota aplikatzeko aukera zabaltzeko eta aplikatzen dela bermatzeko, bai eta laguntza espezifiko eta nahikoak ezartzeko ere, desgaitasuna duten pertsonen enplegu autonomoa eta ekintzailetza babesteko.

Fekoorren beste aldarrikapen bat da enplegu publikoa lortzea ziurtatzea, ekintza positiboko neurriekin eta lanpostu eta fase guztietan beharrezkoak diren baldintzekin (enplegu-poltsa, sarbide-probak, enpleguari eustea eta mailaz igotzea), bai funtzionarioentzat, bai lan-kontratudun langileentzat.

Era berean, gaitasuna egiaztatzeari buruzko eskakizun diskriminatzaile oro ezabatzeko eskatzen du, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako deialdi espezifikoak ere; deialdi horiek egin ordez, deialdi orokorretan aukera-berdintasunaren printzipioa behar bezalako bermeekin aplikatu behar da.

Lan-orientazioari dagokionez, kudeaketa publikoa bermatzeko eskatu du, Lanbideri baliabide ekonomiko, giza baliabide eta material nahikoak eta egokiak emanez.

Azkenik, lanpostuen egokitzapena ziurtatzea eta berrikuntza teknologikoa bultzatzea eskatzen du, desgaitasuna duten pertsona guztien enplegua errealitate bihurtzeko.