
16 Jun Fekoorrek Euskadin bizimodu independentea izateko eskubidea arautzeko eskatu die erakundeei bere elkarte-jaian
Fekoor Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak Euskadin bizimodu independentea izateko eskubidea arautzeko eskatu die erakundeei igande honetan.
Bizkaiko erakundeak gaur goizean egin du urteroko elkarte-jaia Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Bertan, 20 erakunde kideek desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten lana erakutsi dute hainbat standetan.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, Juan Ibarretxe, Álvaro Pérez eta Eider Bilbao Bilboko Gizarte Ekintza, Osasun eta Kontsumo eta Hezkuntza zinegotziak, hurrenez hurren, Marian Solabarria Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekintzako zuzendaria eta José Antonio Barañano Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia.
Horien aurrean eta festara hurbildu diren dozenaka pertsonen aurrean, Fekoorreko presidenteak, Marcelino Fernández, nabarmendu du euren elkarteen “funtsak” honako balio hauek hartzen dituela kontuan, besteak beste: “duintasuna, aukera berdintasuna, erabakitzeko eskubidea, ahalduntzea eta parte-hartzea”. Balio horietan oinarrituta “eraikitzen ditugu gizarte bidezkoago eta inklusiboago baterako gure ekintzak eta eskaerak”.
“Inor atzean ez uztea”
Horren harira, erakunde publikoei eskatu die aldarrikapenekin “konpromisoa har dezatela”, “nahikoa baliabide esleituz” eta “inor atzean uzten ez duten” politikak ezarriz. “Sektore guztien lankidetza eta babesa funtsezkoak dira herritar guztientzako Bizkaia inklusiboa eta irisgarria eraikitzeko”, adierazi du.
Fekoorrek eta bere erakundeek, Fernandezek zehaztu duenez, Euskadik bizimodu independenterako eskubidea arautzea nahi dute, laguntza pertsonala bermatuko duen prestazio ekonomiko nahikoa emanez, baita langile horien kontratazioa kudeatzeaz arduratuko den baliabide publiko bat bultzatuz ere.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie 20 elkarteei eta borondatez laguntzen duten pertsonei beren lanagatik eta denboragatik. Esan duenez, “ezinbestekoa da gure Lurralde Historikoa irekiagoa, lagunkoiagoa eta bidezkoagoa izan dadin”.
Hitzaldiaren amaieran, bertaratutakoek standak bisitatu eta “Lylo & Zazpikale” musika-taldearen emanaldiaz gozatu ahal izan dute.


