
04 Oct Fekoorrek desgaitasuna duten pertsonak landa-eremuetan artatzen dituzten profesionalen bizimodu independentearen arloko prestakuntza bultzatu nahi du
Fekoorrek “Rural Independent Life” proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Bilbon. Proiektu hori landa-eremuetan desgaitasuna duten pertsonen bizimodu independentea sustatzeko Europan diseinatutako ekimena da, eta COCEMFE Sevillak sustatu du, Bizkaiko erakundearekin, Madrilgo FAMMArekin eta Italia, Eslovenia, Turkia eta Danimarkako beste kolektibo batzuekin lankidetzan.
Erakundeko zuzendari Javier Gilek aurkeztu du 2021ean abiatu zen proiektua. Proiektuaren helburua da desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea landa-eremuetan, adierazi duenez, landa-eremuetan “zailtasun handiagoak izaten baitituzte oinarrizko zerbitzuak eta enplegu-aukerak eskuratzeko, eta horrek haien isolamendua areagotzen du”.
Proiektuak prestakuntza-curriculum berritzailea garatu du, bost unitate nagusitan banatuta, eta hainbat gai aztertzen dira unitate horietan: desgaitasuna duten pertsonen eskubideak, bizimodu independenterako banakako planak sortzea… Curriculum hau laguntza pertsonalean espezializatuta dago, eta gizarte-arloko profesionalak gaitzea du helburu, desgaitasuna duten pertsonei bizimodu independentea egiten laguntzeko.
Fekoorrek teleprestakuntzako ikastaro hau eskaini die dagoeneko Bizkaiko 58 profesionali, presidentziak, alkatetzak eta zinegotzigoak barne, eta, horri esker, orain arte 16 profesionalek egiaztatu dute beren gaitasuna, eta beste 9 egiaztatze-bidean daude. Ikastaro interaktibo eta doakoa egokitu egin da, EBko herrialde guztiei gaitasunak denbora-mugarik gabe eskuratzen laguntzeko.
Proiektuak profesionalen europar komunitate bat ere sortu du, eta Bizkaiko 11 mankomunitate eta udal (Lea Artibai, Lea Ibarra, Mungialdea, Durangaldea eta Busturialdea, baita Muskiz, Zaratamo, Urduña, Orozko, Abanto-Zierbena eta Mallabia) daude komunitatearen barruan. Komunitate birtual horretan adituek ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzen fituzte.
Laguntza-gida
Halaber, Bizimodu Independenterako Banakako Planak garatzeko eredu bat barne hartzen duen laguntza-gida argitaratu da.
Izaskun Jiménezek, proiektuko Fekoorreko teknikariak, azaldu duenez, ikuspegi integral horren helburua “landa-guneetan desgaitasuna duten pertsonei ematen zaien arreta eraldatzeaz gain, gizarte-sarea indartzea eta gizarte inklusiboagoa sustatzea da, pertsona guztiek parte hartu eta ekarpenak egin ahal izan ditzaten”.
Ekitaldian Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua izan da, eta APP4independentlife aplikazio mugikorra ere aurkeztu da. Aplikazio horren bidez, prestakuntza-curriculumera eta proiektuko beste baliabide batzuetara sartu ahal izango da.
Ildo horretan, Izaskun Jimenezek eta Fekoorreko zuzendariak gizarte-arloko profesionalak gonbidatu dituzte prestakuntza-proposamen berritzaile horretan parte hartzera.
“Instituzionalizazioaren erantzun tradizionalaren aurrean, Vida Independent Life proiektuak esku hartzeko modu berri bat proposatzen du, desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala eta erabakiak hartzea sustatzeko”, zehaztu du proiektuko Fekoorreko teknikariak.


