
28 Oct Elkarteanek trenaren eguna dela eta trenbide-garraio irisgarria eta inklusiboa eskatzen du Euskadin
Elkartean (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Koordinakundeko Elkartea) elkarteak adierazpen bat egin du, Trenaren Eguna dela eta, non pertsona guztientzako eta batez ere, desgaitasun fisikoa dutenentzat euskal trenbide-sisteman irisgarritasunik ez dagoela nabarmentzeko eta aukera-berdintasuna bermatuko duten premiazko neurriak eskatzeko.
Erakunde honek Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 9. artikuluak ezartzen duenaren arabera beharrezkotzat jotzen du geltoki eta tren irisgarriak eta inklusiboak izatea,. Artikulu horrek, baldintza berdinetan sartzeko aukera bermatzeko neurriak hartzera behartzen ditu estatuak, hiriguneetan zein landa-eremuetan garraioan, informazioan, komunikazioan eta beste zerbitzu publiko batzuetan.
Hala ere, legediak aurrera egin duen arren, erakundeak salatu du desgaitasun fisikoa duten pertsonek “trenbide-garraioan sartzeko oztopoak izaten jarraitzen dutela, hala nola geltokietan eta trenetan sartzea, barruko espazioen diseinua, informazio-sistemak eta laguntza-zerbitzuen gabezia”. “Oztopo horiek trenaren erabilera zailtzen dute eta desberdintasun-egoera bat betikotzen dute”, dio.
Aldarrikapenak
Elkarteanek irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatzeko eskatu du bai trenbide-azpiegituretan eta trenetan , desgaitasuna duten pertsonak modu “eroso eta seguruan” sartu eta mugitu ahal izango direla ziurtatuz.
Garraioari buruzko araudia betetzea eskatzen du, desgaitasuna duten hainbat pertsonak aldi berean bidaiatu ahal izan dezaten, “bereizitako espazio edo sarbideen erreserban oinarritutako ereduak kenduz, eta trenaren edozein atetik sarbide inklusiboa sustatuz”.
Gainera, desgaitasuna duten pertsonek txartelak bitarteko telematikoen bidez erosi ahal izatea eskatzen du, gainerako herritarren baldintza berberetan, eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako laguntza-zerbitzua bermatzea geltoki guztietan. Halaber, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen parte-hartze aktiboa eskatzen du, desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen baitituzte trenbide-garraioko politiken diseinuan eta ezarpenean.
Bestalde, Elkarteanek azpimarratu du oso garrantzitsua dela trenbide-sektoreko eragileek irisgarritasun unibertsalaren eta inklusioaren arloko prestakuntza jasotzea eta Euskadiko trenbide-garraioko zerbitzuen irisgarritasun-baldintzei buruzko tresna eta baliabide informatiboak sustatzea.
Era berean, dei egiten die administrazio publikoei eta gizarteari elkarrekin lan egin dezaten trenbide-sistema irisgarri eta inklusibo bat sortzeko, pertsona guztiek garraio publikorako duten eskubidea berdintasunez erabili ahal izan dezaten.
Elkarteanen parte hartzen dute: : Eginaren Eginez (Araba), Fekoor (Bizkaia) y Elkartu (Gipuzkoa).


