
08 Nov Elkarteanek hirigintza inklusiboa eskatu du, Euskadin desgaitasun fisikoa duten pertsonen eskubideak bermatzeko
Hirigintzaren Nazioarteko Egunean, Elkartean Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak Euskadiko hiri-espazioak diseinatuta eta egokituta egotea eskatzen du, “desgaitasun fisikoa duten pertsonek bizitza sozialean eta komunitarioan baldintza berdinetan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko”.
Gaur argitaratutako manifestu batean, Elkarteanek gogorarazten du Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak, 9. artikuluan, ezartzen duela estatuek “neurriak hartu behar dituztela desgaitasuna duten pertsonak ingurune fisikoan baldintza berdinetan sar daitezen”.
Hala ere, aurrerapausoak eman diren arren, erakunde horrek salatu duenez, desgaitasunen bat duten pertsonek oraindik ere “erabateko parte-hartzea eragozten duten oztopoak aurkitzen dituzte, eta horrek desberdintasuna eta diskriminazioa sortzen du”.
Elkarteanen aldarrikapenak
Ildo horretan, dei egiten die administrazio publikoei eta gizarte osoari hiri “irisgarriak eta inklusiboak” sortzen laguntzeko.
Zehazki, kale eta establezimenduetan irisgarritasun unibertsala bermatzea aldarrikatzen du, desgaitasuna duten pertsonak “autonomiaz eta berdintasunez mugitu ahal izan daitezen”.
Baita ere, eraikuntza guztietan diseinu unibertsala sustatzeko eskatu du, “espazioak pertsona guztientzat irisgarriak izatea eta haien bizi-kalitatea hobetzea ziurtatuz”.
Elkarteanek azpimarratu du beharrezkoa dela Hirugarren Sektoreko erakundeak hirigintza-politiken garapenean sartzea, “haien esperientziak hiri benetan inklusiboak sortzen lagun baitezake”.
Azkenik, hirigintzan irisgarritasun-araudia betetzea eskatzen du, “desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea mugatzen duten oztopoak desagerrarazteko eta hiri-eredu justuago baterantz aurrera egiteko”.
Elkartean osatzen dute: Fekoor (Bizkaia), Elkartu (Gipuzkoa) y Eginaren Eginez (Araba).


