FEKOORek arreta soziosanitarioko prestakuntza-ibilbide bat jarri du abian, desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko

Doako ikastaroa urtarrilaren 13tik maiatzaren 15era izango da Trapaparanen

 

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak bultzatutako Lanberri programaren barruan, FEKOORek arreta soziosanitarioko prestakuntza-ibilbidea jarriko du abian urtarrilaren 13an, Euskadi Prestakuntza Funtsaren laguntzarekin.

Ibilbideak 370 ordu ditu, eta ibilbidearen helburua desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea da. Prestakuntzak SSCS0208 Profesionaltasun Ziurtagiria  (mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan) barne hartzen du. Profesionaltasun-ziurtagiri horrek Estatu osorako balioko duen titulazio ofizial bat emango die parte-hartzaileei.

Prestakuntzaz gain, 80 orduko praktikak egingo dituzte enpresetan. Bertan, mendekotasuna duen pertsonaren autonomiari eusteko eta autonomia hobetzeko prozedurei eta ingurunearekiko harremanei buruzko esperientzia praktiko erreal eta zuzena bermatuko da.

Ikastaroa osatzeko, banakako eta taldeko orientazioa ere eskainiko da, bai eta genero-berdintasunari buruzko prestakuntza eta gizarte-trebetasunei buruzko trebakuntza ere.

FEKOORek proiektu honekin duen helburu nagusietako bat parte-hartzaileen laneratzea bultzatzea da. Horretarako, modu aktiboan lan egingo da sektoreko enpresekiko bitartekaritzan, prestatutako pertsonek kalitatezko enplegua eskuratu ahal izan dezaten. Enplegagarritasunarekiko konpromiso hori prestakuntza baino gehiago da, eta lan-aukera erreal eta iraunkorrak sustatu nahi ditu, jarraipen hurbil eta pertsonalizatuaren bidez.

Ikastaroa Euskadi Prestakuntza Funtsaren instalazioetan emango da (San Vicente errepidea, 10. km, 48510 PK, Trapagaran, Bizkaia), 2025eko urtarrilaren 13tik maiatzaren 15era, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Doako programa

Programa hau guztiz doakoa da eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duten edo ezintasun iraunkor osoaren ziurtagiria duten pertsonei zuzenduta dago. Epe luzeko langabezian (12 hilabete) dauden pertsonei eta Balmaseda, Sestao, Santurtzi, Alonsotegi eta Ortuellako udalerrietan erroldatuta dauden pertsonei emango zaie lehentasuna.

Izena ematen duten pertsonek baldintza hauetako edozein bete beharko dute:

  • DBHko titulazioa, Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko probak edo baliokideak (lan-ondorioetarako edo ondorio akademikoetarako)
  • Hezkuntza-sistemetako ikasketen eta tituluen baliokidetasunak
  • Behar adina prestakuntza- edo lanbide-ezagutza justifikatzea.
  • Egin nahi den prestakuntza-moduluaren maila bereko profesionaltasun-ziurtagiria.
  • Lanbide-arlo bereko 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria.
  • 25 edo 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba.

 

Prestakuntza-baldintzetako bat bera ere betetzen ez bada, Prestakuntza Funtsean profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko proba bat egiteko aukera dago.

Prestakuntzan gehienez 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta ikastaroa amaitzean 80 orduko praktikak egingo dituzte. Lan-esperientzia egiaztatua duten pertsonek ez dute praktikarik egin behar izango.

Informazio gehiagorako eta izena emateko, FEKOORekin harremanetan jar zaitezke 944 753 059/944 758 202 telefonoen bidez, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara.