Elkarteanek desgaitasuna duten emakumeei indarkeria matxistarik gabe nola bizi aukeratzeko eskubidea bermatzea eskatu du

ELKARTEANek (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Koordinakundeko Elkartea) desgaitasun fisikoa duten emakumeei nola, non eta norekin bizi askatasunez aukeratzeko eskubidea bermatzea eskatu du, indarkeria-egoeran egotera edo beren duintasuna eta autonomia urratzen duten bizi-sistemak onartzera behartu gabe.

Astelehen honetan, azaroak 25, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Elkarteanek salatu duenez, desgaitasuna duten emakumeek “babesik gabe eta isolamendu egoeran aurre egiten diogu indarkeria matxistari”, eta horrek “gure egoera larriagotzen du eta ihes egiteko aukerak mugatzen ditu”.

Berdintasun Ministerioaren Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko 2019ko Makro- Inkestaren arabera, kolektibo horretako emakumeen % 20,7ak indarkeria fisikoa edo sexuala bizi izan du bere bikotekide baten partetik eta desgaitasunik ez duten pertsonen kasuan aldiz, % 13,8ak, eta lehenengoen % 40,4ak bikotearen aurkako indarkeria jasan du, eta % 31,9k, berriz, desgaitasunik ez duten emakumeen aurka.

Euskal erakundeak salatu duenez, desgaitasuna duten emakumeek “oztopo fisiko, sozial eta estrukturalei aurre egiten diete, eta horrek laguntza-baliabideak eskuratzea zailtzen die eta indarkeria-egoeretatik ateratzeko gaitasuna mugatzen die”.

Elkarteanen arabera, emakume horietako asko “isolamendu-egoeran bizi dira, zerbitzu espezializatuak erabiltzeko aukerarik ez duten lekuetan edo erasotzaileen etengabeko kontrolpean, eta horrek areagotu egiten die zaurgarritasuna eta zaildu egiten du indarkeriaren biktima gisa identifikatzea”.

Zeharkako politikak

Horregatik, indarkeria matxista prebenitzeko, desgaitasuna duten emakumeen premiei lehentasuna emateko eskatu die erakundeei. Besteak beste, baliabide nahikoak esleitzea, zerbitzu eskuragarriak garatzea eta babes-estrategia eraginkorrak diseinatzea.

Elkarteak azpimarratu du emakume horiek politika horien diseinuan parte-hartze aktiboa izatea funtsezkoa dela haien ahotsak kontuan har daitezen haien bizitzei eragiten dieten erabakietan.

Era berean, eskatzen du indarkeriaren biktima diren emakume desgaituekin lan egiten duten profesionalek prestakuntza espezifikoa jaso dezatela, aurre egin beharreko oztopo gehigarriak aitortu eta jorratzeko, laguntza eraginkorra, eskuragarria eta errespetuzkoa
emateko helburuarekin, sentsibilizazioan eta emakume bakoitzaren premia indibidualetara egokitzean oinarrituta “. “Horrela bakarrik bermatuko da – ohartarazi du- babesa eta autonomia sustatuko dituen arreta egokia”.

Gainera, komunikabideei eskatu die errealitate hori islatzeko eta horren inguruan kontzientziatzeko; izan ere, “gizarte informatu bat bidezkoagoa da, eta prestatuago dago behar dutenei laguntzeko, eta erantzuteko”.

Bukatzeko, Elkarteanek gizarteari dei egiten dio emakume guztientzako ingurune inklusiboa, irisgarria eta indarkeriarik gabea sortzeko konpromisoa har dezan, salbuespenik gabe. Elkarteak azpimarratu du benetako aldaketak bultzatu behar direla, desgaitasuna duten emakumeek duintasunez, askatasunez eta segurtasunez bizitzeko duten eskubidea berreskuratzeko.

Folleto informativo 1