Elkarteanek desgaitasunen bat duten pertsonek etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko duten eskubidearen berme eraginkorra aldarrikatzen du

Abenduaren 3a dela eta, komunitatean erabat sartzea lortzeko konpromisoa hartzen du

Elkarteanek (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Koordinakundeko Elkarteak)  abenduaren 3an, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, bere kolektiboak etxebizitza “duin, egoki eta irisgarria” izateko duen eskubidearen berme eraginkorra aldarrikatzen du, eta konpromisoa hartzen du “komunitatean erabateko inklusioa eta parte-hartze soziala lortzeko, berdintasun-baldintzetan”.

Erakunde horren arabera, etxebizitza Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 28. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubidea da, eta, gainera, “funtsezko elementua da bizitza independentearen proiektua garatzeko”.

Hala ere, zehaztu duenez, egokitutako etxebizitza bat eskuratzea “lan zaila da oraindik”, hainbat faktore direla eta. Besteak beste, babes publikoko etxebizitza nahikorik ez izatea, erosteko “prezio altuak”, errentamendu-errenten igoera, pisu turistikoen ugaritzea eta irisgarritasun-baldintzak hobetzeko beharra, bai etxebizitzetan, bai etxebizitza horiek hartzen dituzten eraikinetan.

Ekintza positiboko neurriak

Horregatik, Elkarteanek proposatzen du BOE parkean mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzen eskuragarritasuna handitzea, etxebizitza horiek esleitzerakoan kolektibo horretako pertsonentzat ekintza positiboko neurriak bultzatzea, etxebizitza egokituak mugikortasun urriko pertsonen premia partikularretara egokitzen direla bermatzea, eta birgaitzeko laguntzetan aurrekontu-zuzkidura handiagoa ezartzea.

Era berean, erakunde publikoek alokairurako ematen dituzten laguntzetan beren kolektiboaren aldeko ekintza positiboko neurriak egotea eskatzen du, eta Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izena emanda daudenei mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzen erabilgarritasunari buruzko benetako informazioa ematea.

Beste proposamenetako batzuk hauek dira: berrikuntza bultzatzea espazioen diseinuan, laguntza-produktuen antolamenduan eta egokitutako etxebizitzetan autonomia pertsonalerako elementuetan, zuzkidura-bizitokietarako sarbidea sustatzea bizitza independenteko proiektuak garatzeko, etxebizitza egokituak desafektatzeko prozedurak arautzea eta Alokabideren programetan etxebizitza mota horiek bermatzea.