Fekoorrek bere lekua eskatu du erabakiak hartzen diren tokietan eta desgaitasuna duten pertsonei eragiten dieten lekuetan

Erakundeak abenduaren 3a ospatuko du “Diskapower. Hemen gaude” lelopean

Urtero bezala, Fekoorrek Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu du astearte honetan, abenduak 3, Bilboko Azkuna Zentroan, kolektiboari dagozkion eta eragiten dioten erabakiak hartzen diren tokietan bere lekua izatea eskatzeko.

Ekitaldian, erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide diren Marcelino Fernándezek eta Luis Miguel Alberdik hartu dute hitza Fekoorren izenean, desgaitasuna duten pertsonek “ikasteko, lan egiteko, ekarpenak egiteko eta bizitza betea izateko ahalmena eta boterea” dutela azpimarratzeko.

“Badakigu gure ametsak eta trebetasunak beste edozeinenak bezain baliotsuak eta beharrezkoak direla, eta horiek aurrera eramateko behar ditugun gauza bakarrak laguntza teknikoak eta giza laguntzak eta mugarik gabe garatzeko aukera emango digun ingurune irisgarri bat direla” adierazi dute.

Desgaitasun organikoa aitortzea

Era berean, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta udaletako agintarien aurrean esan duenez, beharrezkoa da “desgaitasuna oztoporik eta atzerapenik gabe aitortzea”, gaixotasun organikoak dituzten pertsonek “patologia ezgaitzailea dutela” aitortzeko dituzten zailtasunak gogora ekarriz.

Fekoorren aurtengo leloa “Diskapower. Hemen gaude” da. Eslogan horren bidez aldarrikatu nahi dute beren kolektiboa “edozer egiteko gai dela”, gaitasuna ez baita egoera fisiko edo organiko baten arabera neurtzen, baizik eta gure ahaleginaren eta gutako bakoitzak munduari egiten dion ekarpenaren arabera.

“Gure lanak definitzen gaitu, gure ahaleginak, gure gizatasunak. Gure ekintzek, gure izateko erak eta gure ahotsak definitzen gaituzte. Ez dago sailkatu eta mugatzen gaituzten etiketentzako lekurik”.

Hori bai, aurrera egiteko –adierazi dute Fernandezek eta Alberdik–, berdintasun-baldintzetan bizitzeko aukera emango dieten inguruneak behar dituzte, baina argi utzi du “oztopo arkitektoniko bat dagoela esaten dugun bakoitzean, laguntza-teknologia eskatzen dugunean, garraio irisgarria edo behar bezala tratatzeko eskatzen dugunean”, ez direla “mesedeak eskatzen ari”, baizik eta “oinarrizko eskubideak eskatzen”.

Irisgarritasunak eta laguntzek duten garrantzia azpimarratu dute, “pertsona guztientzako inbertsioa eta onura baitira, eta horrek gizartea inklusibo, aske, bidezko eta gizatiar bihurtzen du”.

Amaitzeko, Zuzendaritza Batzordeko kideek berretsi egin dute Fekoorrek duen konpromisoa “aldarrikapenekin jarraitzeko, eskubide, babes eta aukera guztiak errealitate bihurtu arte”.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua

Gurutze Beitia aktoreak aurkeztutako ekitaldian, abeslari baten eta DJ baten emanaldiak ere izan dira. Gainera, Bizimodu Independentea 2024 Fekoor saria eman zaio Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari; izan ere, 2018tik Bilboko Udalaren aurrean biltzen dira pentsio duinak eskatzeko.

Horrela, Bizkaiko erakundeak aintzatetsi egin nahi izan du kolektibo horren lana; izan ere, “bat datoz” aldarrikapen askotan, besteak beste, adinekoen bizitza hobetzeko nahian eta irisgarritasun-eskaeretan, bai eta “izaera borrokalarian eta bidezko kausen defentsan ere; eta aldarrikapen horiek bat datoz Fekoorren aldarrikapenekin”.

Luis Miguel Alberdi, Fekoor-eko Zuzendaritza Batzordeko kidea