
10 Dec Inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde lan egiteko deia egin dute Bilboko gizarte eragileek
Mahai-inguru eta kaleko aldarrikapen ekitaldi bat egin dituzte, zahurgarritasun egoeran daude pertsonek sozialean igotzeko dituzten zailtasunak agerian uzteko
Alboan, Aletu, Amnesty International, Bizitegi, Fekoor, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zubietxe eta Lagun Artean Bilboko erakundeak biltzen dituen Plataformak, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu dute astearte honetan, abenduak 10, “Borrokan jarraitzen dugu” lelopean.
Basurtoko gizarte etxean egin den mahai-inguruan, erakundeek ez ezik, Imanol Zubero soziologoak eta María Silvestre soziologoak ere parte hartu dute, egungo gizartean zahurgarritasun egoeran dauden pertsonek dituzten erronkei buruz aritu dira.
Aita Donostia Plazan egin den errebindikazio ekimenean, parte-hartzaileek eskailerak zeharkatu dituzte, bertatik aterkiak zintzilik zeudela, aldarrikapen esaldiekin, “gizarte mailan gora egitea zeinen zaila den agerian uzteko”.
Erakundeek bi ekitaldietan azpimarratu dutenez, “banaketak eta bazterketak gero eta nabarmenago egiten duten testuinguru globalaren aurrean, etorkizun justuagoa eraiki behar da, pertsona guztiek tokia izan dezaten”. Horregatik, dei egin diete botere publiko eta herritarrei, oro har, “inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde borrokan jarraitzeko eta lan egiteko, hurbileko testuinguruetatik globaleraino”.
Aldarrikapenak
Aldarrikapenen artean, 10 Plataformak azpimarratu du beharrezkoa dela Bilboko auzoetan garapen “justu eta bidezkoa” sustatzea, “arreta berezia jarriz desberdintasunak murrizteari”. Pertsona guztiek aukera berdinak izatea bermatzea, jaiolekua edozein dela ere azpimarratuz.
Halaber, arreta jarri nahi izan dute desgaitasuna duten pertsonek komunitatean “erabat” parte hartzeko duten eskubidean. Horren ildotik, plataformak adierazi du “premiazkoa” dela “irisgarritasun unibertsala eta aukera berdintasuna bermatuko dituzten neurriak ezartzea, ezinbesteko oinarri baitira gizarte inklusibo eta errealitate guztiak errespetatuko dituen gizarte baterantz aurrera egiteko”.
Aldarrikatu duten beste eskaera bat “benetako genero berdintasuna” lortzea dela. Erakundeek salatu dutenez, “zaintza lanak oraindik emakumeen gain erortzen direla, bereziki emakume migratuen gain”. Hori dela eta, “erantzukizun horiek modu justuan banatzea ahalbidetuko duten politikak” eskatu dituzte.
Bizileku duinak
Etxerik gabeko pertsonen egoerak, leku nabarmena izan du aurtengo aldarrikapenetan. Plataformak azpimarratu duenez, beharrezkoa da “bizileku duinak bermatzea eta laguntza sareak bermatuko dituzten politka integralak abian jartzea; osasun mentaleko zerbitzuak, prestakuntza, enplegua eta laguntza-sareak barne hartzen dituenak” pertsona askok pairatzen dituzten gizarte bazterkeriaren zirkuituak hausteko
Migrazioaren “kriminalizazioaren” aurrean, 10 Plataformak “babesa bilatzen dutenen duintasuna” defendatu du, “inor ez dela ilegala eta bizitza orok babestua izatea merezi duela” gogoraraziz. Migrazio politikek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarritako “berdintasun eta justizia printzipioekin bat etorri” behar dutela argi aldarrikatu dute.
Azkenik, gogorarazi digute, “gizateriaren etorkizuna planetaren basarekin harreman estua” duela. Ikuspuntu horretatik, “pobrezia murriztu eta natura babesteaz gain, egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatuko duen garapen iraunkorreko eredu batera” jo behar dugula.







