
07 Apr Arnasa lana aintzatetsi du Bilbok, fibrosi kistikoa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko duen konpromisoagatik
Osasunaren Nazioarteko Egunean, Bilboko Udalak hirian osasunaren arloan lan egiten duten 156 elkarteen lana aitortu du, besteak beste, Fekoorren integratutako Arnasa Bizkaiarena, fibrosi kistikoa duten pertsonen eta haien familien eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoagatik.
Ekitaldia Udaletxeko Arabiar Aretoan egin zen, eta Juan Mari Aburto alkatea eta Alvaro Perez Osasun eta Kontsumo zinegotzia izan ziren buru.
Arnasaren izenean Amara Bañuelos, Ianire Garay eta Yun-Sien Chang joan ziren, Fekoorreko zuzendari Javier Gilek lagunduta.
OMEren “Hasiera osasuntsuak, etorkizun itxaropentsuak” lelopean, aitortza honek balioa ematen dio Bilbon osasuna eta ongizatea zaintzeko hainbeste pertsona eta kolektibok egiten duten lan etengabeari eta askotan isilari.


