
01 Jul Busti Zaitez – Mójate: bainu solidarioa esklerosi anizkoitzaren alde
Uztailaren 6an, igande honetan, elkartasunaren aldeko hitzordua dugu. 60 udalerri baino gehiago, dozenaka hondartza eta igerileku, eta milaka lagun batuko dira «Busti Zaitez – Mójate» kanpainara, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioak eta gure federatutako elkartea den Adembik antolatuta.
Euskadin, 2.800 pertsonak baino gehiagok bizi dute gaitz neurologiko konplexu eta askotarikoa hau, “mila aurpegiko gaixotasuna” deitua. Ez dago bi pertsona berbera bizi dutenik. Horregatik, Adembitik arreta integrala eskaintzen da: fisioterapia, logopedia, terapia okupazionala eta laguntza emozional eta soziala, pertsonentzat zein haien familientzat. Astero, 400 pertsona ingururi ematen zaie arreta.
Ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzan izango da: 11:30ean hitzordua eta 12:00etan bainu sinbolikoa. Bilbo, Barakaldo, Gernika, Amorebieta, Leioa, Galdakao eta beste hainbat herritan ere izango da kanpainaren presentzia.
Ezin baduzu joan, mojate.net webgunean lagundu dezakezu, Mikel Urmenetak diseinatutako material solidarioa eskuragarri dago. Busti zaitez bizitza duinago eta oztoporik gabeko baten alde!


