FEKOORREK ASKO SENTITZEN DU JUAN CARLOS SOLAREN HERIOTZA, BIZKAIKO DESGAITASUNAREN IKUSPEGIA ALDATU ZUEN ZUZENDARIA

Desgaitasun Fisiko eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (Fekoor) biziki sentitzen du Juan Carlos Sola Guzmanen heriotza; izan ere, 28 urtez Fekoorreko zuzendaria izan zen, eta funtsezko pertsona izan zen eraldaketa sozialean eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideen defentsan. Sola ostegunean hil da, Gorlizko Ospitalean.

Bilbon jaio zen duela 70 urte, eta 1984an izandako zirkulazio-istripu batek markatu zuen bere bizitza eta elkarte-mugimenduarekiko konpromisoa. Fekoorrera iritsi zenetik, Solak desgaitasunaren ikuspegi berritzailea bultzatu zuen, aukera-berdintasunaren eta bizimodu independentearen alde eginez. Bere gidaritzapean, federazioa erreferente bihurtu zen Bizkaian, eta proiektu aitzindariak garatu zituen, hala nola Arbolarte, Etxegoki eta SAVI. Proiektu horiek Euskadin eta Euskaditik kanpo ezagunak dira, bikaintasuna eta autonomia pertsonalean oinarritutako eredu baten alde egindako apustuaren adierazgarri baitira.

Aktibista nekaezina, Solak desgaitasuna duten pertsonek beren bizitzei buruz erabaki ahal izan zezaten lan egin zuen. José Rodríguez adiskidearen hitzetan, “berarentzat ez zegoen ezer ezinezkorik; bizitzaren zale amorratua zen, lagunartean ederki pasatzen zuen, eta alderdi oso gizatiar eta sentibera bat zuen, batzuetan guztiz erakusten ez bazuen ere”. Eskia egin zuen, Gorbeiara igo zen eta Bizkaiko Zubi Eseki helezinaren ikuspegiez ere gozatu zuen.

2022an kargua laguntza pertsonaleko sistema justu eta nahikorik lortu ez izanaren arantzarekin utzi bazuen ere, bere ondareak bizirik jarraitzen du Fekoorren misioan: gizarte inklusibo bat eraikitzea, non pertsona guztiak askatasunez eta baldintza berdinetan bizi ahal izango diren.

Zuzendaritza Batzordeak, talde profesionalak eta Fekoor osatzen duten pertsona guztiek dolumina adierazi nahi dute, eta familiaren eta lagunen minarekin bat egiten dute.