Fekoorrek irisgarritasuna hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkio Euskotreni

Trenen eta geltokien irisgarritasuna hobetzeko proposamen berriak helarazi dizkio Fekoorrek Euskotreni

Fekoor Euskotreneko arduradunekin bildu da Atxuriko instalazioetan, trenbideko garraioan irisgarritasun unibertsala hobetzen jarraitzeko.

Bileran Aitor Esturo Fekoorreko irisgarritasun-teknikariak parte hartu zuen, eta dokumentu bat aurkeztu zuen, «tren-unitateak eta geltokiak irisgarriagoak eta erabilgarriagoak» bihurtzeko hainbat proposamenekin.

Euskotrenen aldetik, hainbat arlotako arduradunak eta erakundeko teknikariak joan ziren bilerara.

Proposamenak

Bileran, besteak beste, honako gai hauei buruzko jarduketak aztertu ziren: sentsoreek txartela pasatzeko makinetan duten kokapena, eta makinetako sentsoreak hobetzea; geltokietako seinaleak, «argiagoak eta ulergarriagoak izan daitezen»; ateetarako sarbideak mugikortasun urriko pertsonentzat; eta tranbia eta trenetako binilozko irudiak, «espazio eta eremu irisgarrien identifikazioa hobetzeko».

Laster zirkulatzen hasiko diren 980 tren-unitateei buruz ere hitz egin zuten. Fekoorrek eredu berri horiei buruzko ekarpen teknikoak egin zituen 2023an egindako bilera batean, diseinu-fasetik hobekuntzak sartzeko.

Entzutea, lankidetza eta konpromisoa

Euskotrenek erakundearen ekarpenak kontuan hartu zituen, eta prest agertu zen ekarpen horiek “xehetasunez” aztertzeko eta ezar zitezkeen hobekuntzak aplikatzeko.

Fekoorrek eskertu egin nahi du urteetan zehar Euskotrenekin izandako lankidetza-harremana, bai eta “entzute aktiborako jarrera eta pertsona guztientzako garraio irisgarriagoa lortzeko aukera emango duten neurriak pixkanaka ezartzeko konpromisoa ere”.