
15 Apr Fekoorrek belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi du, desgaitasunaren egungo erronkei arinago erantzuteko
Erakundeak bizimodu independentearekin duen konpromisoa indartu du, eta 1.687 pertsonari arreta eman die, 2025eko Jardueren Memorian jasotzen denaren arabera.
Desgaitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak, Fekoorrek, eraldaketa-prozesu bati ekin dio, aldarrikapen-ekintzak azkarrago erantzun diezaien kolektiboaren egungo erronkei.
Kudeaketaren balantzetik eta duela gutxi egindako topaketako parte-hartzaileen ondorioetatik ondorioztatzen denez, erakundeak “egitura zurrun eta paternalistak gainetik kendu nahi ditu, aktibismo zuzenago eta gazteago bati bide emateko”. “Zure ahotsa entzunarazi. Egizu Fekoor” lelopean, erakundeak pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu bat sustatu nahi du.
Testuinguru horretan, federazioak “apaltasunez” onartzen du belaunaldi berriekin konektatzeko beharra, desgaitasuna duten gazteek benetan parte har dezaten eta erakundearen lidergoa partekatu dezaten, bai barneko foroetan, bai kanpokoetan.
Helburua da «oinarrizko eskubideen (enplegu duina edo etxebizitza irisgarria, esaterako) betearazpena indar handiagoz aldarrikatzea». Javier Gil zuzendariak adierazi duenez, eskubide horiek «oztopo gaindiezinak dira bizimodu independenteko proiektu askorentzat», NBEren Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik bi hamarkada igaro diren honetan.
Desgaitasuna duten emakumeak
Erakundearen 2025eko Jardueren Memoriako informazio xehatuak erakusten du Fekoorrek “jarrera zorrotza” duela desgaitasuna duten emakumeen eskubideen defentsan; izan ere, amatasunarekiko errespetua exijitu du eta indarkeria digitala eta ziberjazarpena irmo salatu ditu.
Era berean, nabarmentzekoa da Osakidetzaren bularreko minbizia detektatzeko programen egokitzapena eta antzeko mugarriak lortzeko egiten duen “presio instituzionala”, erakutsi baitu irisgarritasun unibertsala “osasun publiko eta justizia kontua dela, eta ez pribilegioa”.
Hirigintza inklusiboaren eremuan ere exijitu ditugu eskubideak. Erakundeak salatu duenez, Bizkaibuseko arrapaletan behin eta berriz errepikatzen diren hutsegiteek, Renferen eta Metroaren geltokietan egokitzapenik ez izateak edo taxi egokituen eskuragarritasun eskasak —aldez aurretik erreserbatu behar dira, eta erreserbatzeak ez dizu bermatzen taxia lortzea— “mugitzeko askatasuna asko mugatzen dute oraindik ere”. Erakundearentzat, oztoporik gabeko espazio publikoak diseinatzea “kolektiboaren parte-hartze loteslea izan behar duen legezko betebeharra da, inguruneak nahi ez diren mendekotasunak sortzen jarrai ez dezan”.
Zuzeneko arreta pertsonalizatua
Aldarrikapenenaz gain, Fekoorren eguneroko lana “pertsonei eta haien familiei etengabeko laguntza ematea” ere bada. Sarea osatzen duten 8.818 pertsonetatik —dagoeneko 21 elkarte ditu, ASHUBI eta Retina Bizkaia Begisare erakundeko kide egin ondoren— 1.687k jaso zuten zuzeneko arreta pertsonalizatua.
Lan-arloan, erakundeak egindako lanari esker, 90 pertsona enpresa arruntetan lanean hasi ziren, 16 kontratu mugagabe lortu genituen, eta “enplegua independentziaren oinarria delako ideia indartu” zuen.
Federazioaren jarduera, urteko balantzean jasoa, autonomiarako funtsezko zerbitzuetan islatzen da: Etxegoki laguntzadun apartamentuek 69 pertsona artatu zituzten, Arbolarte eguneko zentroak 60 pertsonari zien laguntza eta Bizinde Gizarte Mentoretza programak beste 60 lagunen parte-hartzea izan zuen.
Bizi-proiektua ingurunean
Gainera, Bizimodu Independentea Sustatzeko Zerbitzuak (SAVI) 20.138 orduko asistentzia pertsonala eskaini zuen, eta banakako laguntza-programak, berriz, batez beste 60 orduko arreta eman zuen astean; hori guztia, “ingurunean bertan bizi-proiektuak garatzeko behar diren tresnak eskaintzeko”.
Azkenik, Fekoorrek aukera-berdintasunerako arlo erabakigarrietan ere eskaini zuen arreta. Hala, Gizarte Lanak eta Aholkularitza Juridikoak 421 pertsonari lagundu zieten eskubideei eta prestazioei buruzko kontsultetan, eta Laguntza Psikologikoko Zerbitzuak 94 pertsonari (senitarteko zaintzaileak barne) eskaini zien terapia.
Aisialdiari dagokionez, 192 pertsonak hartu zuten parte Sancho Azpeitiako gure egoitzan antolatutako ekintzetan: horietatik 41 Fuengirolara eta Tenerifera joan ziren oporretan, eta beste 48k egunbeteko irteerak egin zituzten. Kirol arloan, mahai-tenis, Boccia eta gurpultxulkiko padel-eko 44 lizentzia kudeatu ziren. Azkenik, beste 112 lagun teknologia, sormen eta meditazio tailerretan eta antzekoetan ibili ziren.
4,9 milioi euroko aurrekontuarekin, Fekoorrek berretsi egin du “asmo handiko” helburuak dituen erakundea dela: Hau da helburu horietako bat: “aniztasuna, azkenik, Bizkaian gizarte osoak partekatzen duen balioa izatea”.


