
03 Jun EUSKADI NAZIOARTEKO ERREFERENTE GISA SENDOTU DA ORGANO-EMATEAN, 2025EAN %10EKO GORAKADA IZANDA
“Eman like bat Bizitzari” lelopean, ALCER Bizkaiak omenaldia egin die Bilbon organo-emaleei.
Euskadi nazioarteko erreferente nagusi gisa finkatu da beste urte batez organo-ematean, 2025ean emate-tasa %10 hazi ostean. Milioi bat biztanleko 64,3 emaleko zifra historikoarekin, autonomia-erkidegoa Estatuko batezbestekoaren (51,9) oso gainetik kokatu da.
%10eko gorakada horri esker, 144 pertsonak eman zituzten beren organoak hil ondoren, eta horrek aukera eman dio Osakidetzari guztira 262 trasplante kudeatzeko. Horietatik 164 giltzurrun-trasplanteak izan ziren, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean koordinatu eta burututakoak.
Mugarri honi balioa emateko, eta Organo eta Ehunen Emaleen Egun Nazionala dela eta, ALCER Bizkaiak omenaldia egin die gaur goizean Bilboko Indautxu plazan organo-emaleei eta haien familiei. Kanpainaren ekitaldi nagusian Belén Herrera erakundeko presidenteak hartu du hitza, eta Rubén Moyano trasplantatu berri den bazkideak esker oneko adierazpen bat irakurri du. Egun osoan zehar, plazan informazio-mahaiak eta haurrentzako jolas-jarduerak ere egon dira.
Bizitzaren, esker onaren eta aldarrikapenaren testigantza
Rubén Moyanok ahotsa eta aurpegia jarri zien estatistikei, giltzurruneko gaixotasunak markatutako familia-istorio gogor baten bidez. Bere ia 38 urteko bizitzan, Moyanok gertutik bizi izan zuen dialisiaren eragin fisiko eta psikologikoa; errealitate gogor hori bere amak zein izebak jasan behar izan zuten organo baten zain zeuden bitartean. Bi itxaronaldiak onik amaitu ziren ematearen eskuzabaltasunari esker, duela ia 30 eta 9 urte, hurrenez hurren. Handik denbora batera, patuak Rubénen txanda izatea nahi izan zuen, eta urte oso gogor baten ondoren, amaiera zoriontsua lortu zuen trasplante berri bati esker.
«Senide bat hiltzen denean, organoak emateko erabakia hartzea gizakiak erakutsi dezakeen maitasun, eskuzabaltasun, enpatia eta ausardia ekintzarik handiena da. Munduan oraindik beren tristuraren erdian zoriontasuna ematea lehenesten duten pertsonak badirela ikusarazten digu», azaldu zuen Moyanok ekitaldian, ematea «bigarren aukera baten oparia» dela gogoraraziz.
Hala ere, gaixoak ohartarazi zuen beldurra, mitoak edo informazio falta direla oraindien familiek «BAIETZA» emateko oztopo nagusiak. Hori dela eta, organo-ematea sustatzeko erakundeen konpromiso handiagoa eskatu zuen formalki; izan ere, joera goranzkoa bada ere, «oraindik hobetzeko tarte handia dago».
Era berean, Moyanok Emaleen Egun Nazionalaren bozgorailua aprobetxatu zuen gizarte eta talde-aldarrikapen sendo bat egiteko: trasplantatutako pertsonei automatikoki gutxienez %33ko ezgaitasun-maila iraunkorra aitortzea. «Trasplantatuta egon arren, jatorrizko gaixotasunak hor jarraitzen du. Bizitza osoan sendagai immune-suppresoreak hartzen jarraituko dugu, eta horrek ondorio sekundarioak, gaixotasunak jasateko joera eta mugak dakarzkigu. Ez dut ulertzen nola ez duen administrazioak neurririk hartzen eskubide hori bizitza osorako aitortu diezaguten», salatu zuen tinko.
Itxaron-zerrenda zerorantz
Euskadin erregistratutako datu bikainak ikusita ere, organoen beharra premiazko errealitatea da oraindik. 2025eko abenduaren 31n, 5.163 pertsonak jarraitzen zuten itxaron-zerrendan Estatu osoan, eta horietatik 77 haurrak ziren. Hori dela eta, Organo Solidoen Trasplantatuen Batasunak estatu-ereduaren oinarriak defendatu zituen, sistema publiko, unibertsal eta bidezko batean oinarrituta.
Belén Herrera ALCER Bizkaiako presidenteak bihotzez eskertu zuen organo-emaleen eta haien familien eskuzabaltasuna, eta ohartarazi zuen «ezin dugula erne egonari utzi». Herrerak azpimarratu zuen erakundeen eta gizartearen helburua «itxaron-zerrenda zero» izatea izan behar dela. «Familia baten bizitza erabat aldatzen da diagnostiko bat jasotzen duenean eta gizartearen erantzuna iristen denean, hau da, ‘organo bateragarri bat dago’ esaten diotenean», adierazi zuen. Amaitzeko, eskerrak eman zizkien gaur Bilpora informatzera eta, modu sinbolikoan, «bizitzari like bat ematera» hurbildu diren herritar guztiei.


